Donostia 2016k eta Soziolinguistika Klusterrak, erakunde ugariren laguntzinoagaz, ipini dabe martxan Hitzargiak egitasmoa. Bertan, Europako hizkuntza gitxituak bizibarritzeko ekimenei begiratuko jake eta eredugarrienak aukeratuko dira. Horreek kasuak aztertu eta gizarteratuko dira, eredu izan daitezan. Webgunea sortuko dabe eta, bagilean, topaketea egingo da Donostian.
Hitzargiak proiektuak, hizkuntzak bizibarritzeko proiektu eredugarriak ezagutzera emoteaz gan, eragileen arteko hartu-emona sortu edo sendotu nahi dau. Izan be, Europan dozenaka hizkuntza gitxitu dagoz eta horreek bizibarritzeko era askotako egitasmoak ipini dira martxan, batzuk arrakastatsuak eta beste batzuk ez horrenbeste.
Bederatzi adituk osotutako batzorde batek erabagiko dau hizkuntza gitxituak bizibarritzeko Europako ze proiektu aukeratu Hitzargi egitasmoan sartzeko. Alor eta eragin maila desbardinetako proiektuak batu nahi ditue, era askotako eragileek bultzatuak. Aukeratutako proiektuak webgune baten batzea da asmoa.
Batzorde horretako bederatzi adituak honeek dira: Larraitz Ariznabarreta, Vicent Clement, Araceli Diaz de Lezana, Durk Gorter, Itziar Idiazabal, Jasone Mendizabal, Erramun Osa, Meirion Pris Jones eta Xavier Vila.
Beste alde batetik, hizkuntzak bizibarritzen lan egiten daben eragileen arteko hartu-emona sendotzeko asmoz, topaketea egingo dabe bagilean, Donostian. Europa guztiko eragile eta adituak batu nahi dituela dinoe antolatzaileek. Topaketea eragileen sare bat osotuteko lehenengo pausua izan leitekela dinoe.
Donostia 2016 eta Soziolinguistika Klusterragaz batera, erakunde ugarik osotuten dabe Hitzargiak gidatzeko partzuergoa: EHU, Deustu eta Mondragon unibersidadeak, Euskaltzaindia, Kontseilua, Bai Euskarari Fundazinoa, Hekimen eta abar. Erakunde publikoen artean, Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala dira partzuergo horretako kide eta Europako hizkuntza gitxituen inguruko erakundeak be badagoz.