Desgaitasunak daukiezan personentzat aproposak diran lau ibilbide aurkeztu ditue #Bizkaia4all ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 12a, 00:00

Ekimen publikoak eta pribaduak bat eginda sortu dabe #Bizkaia4all proiektua, astialdirako eta turismorako aukerea herritar guzti-guztiei emoteko asmoz. Holan, lau pakete turistiko eratu ditue Bilbo eta Bizkaiko txokorik erakargarrienak ikusteko. Desgaitasunak daukiezan personek gainbegiratu ditue lau ibilbideak, irisgarritasun baldintzak beteten dituela ziurtetako.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotzi Xabier Otxandianok azpimarratu dau, ekimen bikaina dala hau, Bilbo eta Bizkaia helmuga turistikoen artean gorengo lekuan ipinteko. Lau ibilbideok turismo inklusiboa bultzatuko dabela ganeratu dau. Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendariak uste dau, hazkunderako aukerea emoten dauela ekimen barriak.

Travel For All enpresa antolatzaileko arduradun Andres Gines be lau pakete turistikoen aurkezpenean egon da. Desgaitasunak daukiezanen alkarteetatik etorritako eskari batetik abiau da proiektua, Ginesek zehaztu dauenez. Orain arte ez da halakorik egon Bizkaian, ez behintzat modu antolatuan.

Desgaitasunak daukiezan persona talde bat Bizkaiko leku erakargarrienetako batzuetan ibili zan udagoienean, irisgarritasun aldetik leku bakotxean dagozan baldintzak aztertzen eta gune bakotxaren ebaluazinoa egiten. Hortik ataratako datuakaz, eskaintza inklusiboak diseinau ditue.

Guztira, lau pakete turistiko daukaz #Bizkaia4all-ek. Bakotxa, desgaitasun bat daukan talde bati zuzendua dago beren-beregi: Gurpil-aulkian dagozanak, entzumen arazoak daukiezanak, ondo ikusten ez dabenak eta Bilborako pakete berezi bat. Ibilbide bakotxerako, kolektibo horreek daukiezan beharrizanetara egokitutako materiala sortu dabe, adibidez braillez idatzita dagozan eskuorriak.

Era honetako ekimenen bidez, Bizkaiko turismoaren industrian kontzientziazinoa sortzea espero dabe bultzatzaileek, persona guztientzat aproposak diran eskaintzak egin daitezan eta azpiegiturea egokitu daiten. Gabezia handienen artean nabarmendu ditue, besteak beste, jatetxe eta museoetan sartzeko arranpla gehiago behar dirala edo garraio eta instalazino askotan ez dagoala oharrak egiteko argizko edo soinuzko zeinurik. 

Miguel Nonay blogariak dino nota ona emoten deutsela Bizkaiko azpiegiturei, baina badagoala zer egina. Nonay gurpil-aulkian dabil eta #Bizkaia4all proiektuko ibilbideak diseinetako proiektuan parte hartu dau.

Osorik irakurri