Bilbo eta Bizkaira bisitariak erakarteko plana aurkeztu dau Foru Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 13a, 00:00

Guztira, 18 herrialdetako 33 uritan Bilbo eta Bizkaiaren eskaintza turistikoa ezagutzera emongo dabe, Kanpo Sustapenerako Estrategia 2016 plangintzearen arabera. Nazinoarteko biltzar, topaketa eta aurkezpen nagusietan egon nahi dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Batez be, turismo profesionala, luxuzkoa eta itsas-bidaietakoa erakarri nahi dabe.

Estrategia horren barruan, egutegi zehatza preparau dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2016rako. Batez be, merkadu igorle tradizionalean erakutsi nahi dabe eskaintza turistikoa. Hau da, Bizkaira bisitari gehien bialtzen daben herrietan. Holan, Frantziako azoka eta topaketetan egoteko ahalegin berezia egingo dabe (Parisen eta Toulousen izango dira, besteak beste).

Europa iparraldeko herrietara eta Estadu Batuetara be begiratzen dau Bizkaiko erakundeek diseinautako estrategia horrek. Hasteko, urtarrilaren 15ean Osloko (Norvegia) Travel Match azokan egongo da Bizkaiko ordezkaritzea, hil amaieran Madrilgo Fiturrera eta Helsinkiko (Finlandia) Matkara jo baino lehen.

Beste alde batetik, biltzarretako eta negozioetako turismo profesionala erakarteko helburuagaz, sektore horretako feria garrantzitsuenetan egoteko asmoa daukie, adibidez Dubaiko M&I Forum-en eta Frankfurteko IMEX-en. Itsas-bidaietako turismoa bultzatzeko, Tokion, Shanghain, Fort Lauderdale-n (AEB) eta Cannesen izango dira.

Sektore turistikoari begirako estrategia horrek, mundu zabaleko ekitaldi jentetsu batzuetan presentzia eukitea aurreikusi dau. Batez be, street marketing edo kaleko marketingaren bidez Bilbo eta Bizkaiaren irudia zabaltzea da asmoa. Euro Pride Amsterdam (gay komunidadearen aldarrikapen-jai handiena Europan), Edinburgh Fringe Festival arte eta kultur topalekua eta Municheko Oktober Fest begiz jota daukiez, besteak beste.

Horretaz guztiaz gan, aurten Bilbao Bizkaia Action Group dalakoa sortuko dabe. Bertan, erakunde publiko eta pribaduak batuko dira, Bilbo eta Bizkaiari lotutako turismo markak bultzatu eta lurraldearen baliabideak zabaltzeko asmoz, ikuspegi espezializadu eta askotariko batetik.

Osorik irakurri