Hiru pintore, hiru begirada Bilboko Itsasadarraren historiari, lanbideei eta eraldaketeari, horixe da Bilboko Itsas Museoak urte barrirako proponiduten dauena. Txandaka, Antonio Aldama, Jose Abel eta Enrike Zubiaren obrek hartuko dabe museoa #Burdinkolorea zikloan. Gaur hasi eta martiaren 13ra bitartean egongo da lehenengo erakusketea, Aldamaren Metalezko argia.
Itsasoa inspirazino-iturri da disziplina artistiko guztietan, baita Bilboko Itsasadarra be, azaldu dau Jon Ruigomez Itsas Museoko zuzendariak. Itsasadarrak inguruko paisaje, biztanle eta industrian euki dauen indar eraldatzailea da, hain zuzen be, #Burdinkolorea zikloan erakutsi nahi dabena. Gurea ez da arte museoa, baina gizarteari itsasadarra hurreratzea da gure eginkizuna, zehaztu dau Ruigomezek.
Burdinea elementu garrantzitsua izango da erakusketetan, hiru artisten lana batuko dauen ardatzetako bat. Izan be, Bilboko Itsasadarraren garapena baldintzatu dau metal horrek. Burdinearen koloreek joku handia emoten dabe arte plastikoetan, ganera. Gorria, grisa, herdoildu itxurakoa... era askotara ikusi leiteke burdinea, #Burdinkolorea zikloko arduradunen esanetan.
Itsasadarraren inguruko margolanak izango dira zikloko guztiak, baina artista bakotxak bere begiradea ipiniko dau. Aldama, Jose Abel eta Zubia estilo, ikuspegi eta edade desbardinetako hiru sortzaile dira. Bisitariaren zentzumenetan eragin nahi dauen esperientzia sensoriala eskaini nahi dau museoak, obra personal eta intimoak izango dira, dino Ruigomezek.
Lehenengo erakusketea, Antonio Aldamaren Metalezko argia, gaurtik martiaren 13ra ikusi ahal izango da. 30 obratan zehar, bisitariek Itsasadarraren inguruko bizimodua ezagutu ahal izango dabe, barku, tximinia, moila eta abarren irudien bidez. Batez be, metalaren isladeari eta argiari emoten deutso garrantzia artisteak bere koadroetan. Itsasadarra askatasuna da niretzat, autortu dau Aldamak.
Ondoren, martiaren 16tik maiatzaren 15era, Jose Abelen txandea izango da, Sua Itsasadarrean erakusketeagaz. Bere koadroei sopleteagaz emoten deutse formea Jose Abelek, teknika berezi batez, sopletea nire paletako elementu bat gehiago da, dino artisteak. Amaitzeko, maiatzaren 19tik garagarrilaren 17ra, Enrike Zubiaren Ur eta lur erakusketea helduko da Itsas Museora. Portuko bizitzea eta personak jasoten ditu Zubiak, hurretik ezagutu dauen mundua da eta. Beti ibili naz arrantzale giroan, adierazo dau.