Garik 'Gaizki moldatzen dira' estreinauko dau Bilbon Iñigo Astizegaz batera

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 14a, 00:00

Gaizki moldatzen dira da datorren martitzenean, urtarrilaren 19an (20:00etan), Arriagako Gelatxuetan, Garik eskainiko dauen ikuskizunaren izena eta Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako Literatura eta musika euskeraz zikloaren barruan eskainiko da. Hertzainak taldeko abeslari eta liderra izandakoagaz batera Iñigo Astiz kazetari eta idazleak eta Oier Larrañaga piano joleak be parte hartuko dabe.

Arriagako foyerrean eskainiko dan Gaizki moldatzen dira lana erabateko estreinaldia izango da. Gariren sorkuntza lan barria benetako misterioa da, artisteak berak holan izatea nahi dauelako. Dana dala, Garik emonaldi ederra eta oso berezia agindu dau. Hori da azken 30 urteetako eszena euskalduneko erabateko erreferente dan, eta Hertzainak talde mitikoaren buru legez oso ezaguna izan dan artista horrengandik itxaron geinkena.

Garik, Berria egunkariko kazetari Iñigo Astizen laguntzinoa izango dau. Kulturearen alorrean espezializauta dagoan kazetariak poesiagaz dauen lotura horretan sakondu dau azken urteotan, izan be, 2012an, Baita hondakinak ere (Susa, 2012) lana argitaratu eban, eta hurrengo urtean Sylvia Plathen Ariel & other poems lana euskeratu eban, Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) izenburua jarriz. 2014an, Hondakindegia, poesia emonaldi EZ musikatua errezitaldia bultzatu eban Mikel Aierbegaz batera. Orain, barriz, bere ahotsa eta poesia gehituko deutsoz Garik dakarren opari eszeniko barri honi: Gaizki moldatzen dira.

Beste alde batetik, ikuskizunari melodia emoteko, Oier Larrañagak pianoa joko dau zuzenean.

Sarrerak 8 eta 12 euro artean dagoz eskuragarri www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Osorik irakurri