Arabako Alea komunikabide multimedia sortu da, Arabako euskaldunei informazinoa emoteko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 15a, 00:00

Bat egin dabe Hirinet atariak eta Alea astekariak, papelezko, interneteko eta irratiko hedabide barri bat sortzeko, Arabako Alea. Herrialde horretako barriak euskeraz emongo ditu. Gaurtik aurrera martxan da proiektu komunikatibo barria, eskaintza zabalekoa, alkarlanean oinarritua eta Arabako eskualde guztietarako aproposa izateko asmoz.

Hirinet interneteko ataria 2012an sortu eben GEU Gasteiz alkartearen ingurukoek, GEU aldizkaria desagertu izanak itxitako hutsunea bete asmoz. Gasteizko informazinoa emoten izan dau, interneten, papelezko aldizkaria sortzeko asmoa be euki dauen arren.

Azkanean, GEU Gasteizko kideek beste komunikazino-tade batzukaz bat egin eben papelezko aldizkaria sortzeko eta holan jaio zan Alea, igaz. Oraindino lehenengo pausuak emoten egon da Alea, horrek dakarren ahalegin handiagaz, baina aurrerantzean proiektu handiago baten parte izango da. Alea izena mantenidu egingo dabe egitasmo barrian.

Alea barria Araba osorako hedabide multimedia izango da. Arabako eskualde edo kuadrilla bakotxak bere atala eukiko dau. Era berean, gaika sailkatuko ditue albisteak (euskerea, kirola, eretxiak, kulturea, eguraldia eta abar).

Oraingoz, hiru euskarritan helduko da Alea Arabako euskaldunakana. Batetik, papelezko aldizkaria ataraten segiduko dabe, Alea zaharrak orain arte egin dauen moduan. Bestetik, webgune mamintsu eta dinamikoa eukiko dabe. Hirugarrenik, Radio Vitoria irrati publikoan ordubeteko irratsaioa egingo dabe astero. Aleako arduradunek dinoe, aldizkariko edukin batzuk ez dirala webgunean agertuko. Era berean, webguneak aukerea emongo deutse papelean sartu ezin diran bideo eta argazkiak ipinteko.

Arabako euskaldunen eta eragileen arteko alkarlanean oinarrituta, proiektu zabala izan nahi dau Aleak. Lehenengo helburuetako bat herritarren artean proiektua ezagutarazotea izango da, herri batzuetan holako proiektu bat martxan dagoanik ez da ezagutzen eta, bultzatzaileek dinoenez.

Osorik irakurri