Euskerearen Txantxangorria, euskerea erabilteko konbita

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 18a, 00:00

HAKOBAko kide diran Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDELek Euskerearen Txantxangorria aurkeztu eben barikuan Donostian. Aurkezpen ekitaldian, arlo publiko zein pribatuko eragile ugarik (EAEko unibersidadeetako ordezkariak, kirolariak eta kirol taldeetako ordezkariak, kultur eragileak, enpresariak, finantza erakundeetako ordezkariak…) be parte hartu dabe Nabarmentzekoa da ordezkari horreek guztiek bere egiten dabela txantxangorriaren ekimena.

Donostian aurkeztutako ekimena ez da Eusko Jaurlaritzearen ekimena bakarrik, HAKOBAk bideratutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek, eta EUDELek bat eginda sustatutako ekimena da txantxangorriarena, hain zuzen be. Hori bai, nahiz eta erakunde hauek ekimena bultzatu duten, txantxangorria gizarte guztiarena da. Gu guztiona, alegia.

Txantxangorriaren irudi atsegin eta maitagarri honen bitartez herritarrei konbita egin nahi jake: euskerea erabilteko konbita. Herritar guztientzako konbita: euskeraz ondo dakitenentzat, euskeraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskeraz ulertu bakarrik egiten dabenentzat. Danen ekarpena baita baliogarria.

Euskeraz dakitenek, euskeraz lasai eginez, euskereari bizia emoten deutsie. Zeozertxu dakitenek, beren neurrian euskerea erabiliz, euskeraz egiteko aukerak eta egoerak biderkatzen ditue. Eta ulertzera mugatzen diranek bere, euren inguruko lagunak, etxekoak, lankideak… euskeraz egitera animauta, berebiziko ekarpena egiten deutsie euskereari. Eta alkartasun txalogarria erakusten dabe, euskeraz jakin ez arren be, euskerearen erabilereari atea zabaltzen deutsien herritarrek.

Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza erakundeetan, merkataritzal guneetan, hedabideetan, kirol instalazinoetan, unibersidadeetan… ikusgai egotea da helburua. Baita norberak bere erropan inkauta eroatea be.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek honakoa adierazo dau aurkezpenean: batetik, zin-zinez eskertu nahi deutsuet alkarlanerako jarrera eta borondatea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalei eta EUDEL-Euskadiko Udalen Alkarteari. Euskerea sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea baita aurrera egiteko modurik eragingarriena. Jarrera eredugarria erakutsi dozue danok. Bestetik, benetan eskertu nahi deutsuet, zelan ez, ekimen honegaz bat egin nahi izan dozuen gizarte-eragile guztioi.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazo nahi izan dau: irudi barria aurkeztera etorri gara gaur. Euskereagaz, euskerearen erabilereagaz, euskerearen aldeko jarrereagaz lotuko gaituan irudi barri eta freskoa. Txantxangorria beti izan dogu maite. Betidanik izan da gure paisajearen parte, bere irudi arin, atsegin eta jostaria. Maitea dogu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri subertetan jaku, geure sentiduten dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskerea bezela. Konbita da irudi hau: borondateaz gabiz. Herritarren borondatean sinisten dogu. Herritarren gogoaren indarrean sinisten dogu. Ez dogu inor behartu nahi. Ez dogu nahi inor inoren gainetik egotea. Alderantziz, danok eroso egongo garen gizartea osotu nahi dogu, amaitu dau Baztarrikak.

Donostiako Udalaren izenean, Miren Azkaratek, Kultura, Euskera eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, berba egin dau: Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da gaur hemen batu dan txantxangorri moltsoaren txioa eta kantua.

Mikel Pagolak (Urnietako alkatea), EUDELen izenean berba egin dau: Udaletatik konbita egin nahi deutsegu herritar guztiei euskerea erabili deien: nork bere mailan; naturaltasunez eta konplexurik barik; edozein esparru eta egoeratan.

Igone Martinez de Luna, Euskera, Kultura eta Kirol saileko foru diputadua Arabako Foru Aldundian: Euskerearen arloan, Arabako gaurko erronkak dira euskerea maila guztietan sustatzea eta haren erabilerea areagotzea.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbaok (Euskera eta Kultura saileko foru diputaduak) berba egin dau: Erabileran jokatzen dogu euskerearen partidua. Erabiltzea da euskerea indartzeko errezetarik eraginkorrena. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar ahaleginak eta bi egingo doguz txantxangorria bideratzen: hasi gara. Eta ahaleginak eta bi euskerearen hegaldia hauspotzen.

Osorik irakurri