'Bota bertsoa!' sariketea antolatu dabe Gipuzkoako sagardotegietan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 18a, 00:00

Hernaniko Dobera euskera alkarteak eta Iraulio Panttalone bertso eskoleak antolatu dabe sariketearen bigarren edizinoa, igazko ekitaldiak eukitako arrakastea ikusita. Martiaren 28ra arte, Urnieta, Hernani eta Astigarragako sagardotegietara doazanek euren bertso-papela itxi ahal izango dabe, horretarako preparauta egongo diran kutxetan. Sariak emongo deutsiez bertso-sorta onenei.

Bota bertsoa! sariketako aurtengo edizinoko bertsoetarako gaia honako hau izango da: Ze krisi?!. Antolatzaileek azaldu dabenez, Urnieta, Astigarraga eta Hernaniko hainbat sagardotegitan kutxak ipiniko ditue bertsoak jasoteko. Beraz, sagardotegira doan edozeinek parte hartu leike lehiaketan.

Martiaren 28ra arteko epea dago bertsoak aurkezteko. Hau da, sagardotegien denporaldiagaz bat egiten dau sariketeak bete-betean. Behin epea amaituta, Iraulio Panttalone bertso eskolako kideak arduratuko dira saridunak aukeratzeaz. Bertsorik sakonena, poetikoena eta umoretsuena sarituko ditue.

Danetariko sariak emongo deutsez irabazleei: Aimar Olaizolak emondako kamisetea, sagardo-kaxak, sagardotegian doban jateko aukerea eta Realaren partidu bat ikusteko sarrera bikotxak. Ganera, apirilaren 8an jaialdia egingo da Hernaniko Biteri kultur etxean eta saritutako bertsoak entzun ahal izango dira.

Bota bertsoa! sariketea barriro antolatzea erabagi dabe Doberak eta Iraulio Panttalonek, igaz oso datu onak lortu ziralako: 200 bertso baino gehiago jaso zituen eta 27 sagardotegik bat egin eben lehiaketeagaz.

Osorik irakurri