Nafarroako taldekako bertso txapelketea, Bardoak, barikuan hasiko da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 18a, 00:00

Hirugarrenez egingo dabe Bardoak txapelketea Nafarroan. Barikuan, urtarrilak 22, hasi eta martiaren 19an Etxarri-Aranatzen jokatuko dan finaleraino, 23 bertso-saio antolatuko ditue. Taldekako lehiaketa berezi honetan, 16 taldek parte hartuko dabe, guztira 123 bertsolari eta laguntzaile.

Gero eta arrakastatsuagoa da Bardoak lehiaketea, bertsozale askori plazeagaz kontaktua eukiteko aukerea emoten deutselako, txapelketa handien presino barik eta taldearen babesean. Holan, aurten 121 parte-hartzailek emon dabe izena, 16 taldetan banatuta. Horreetatik 71 bertsotan ibiliko dira eta hogei inguruk lehenengoz kantauko dabe plazan.

Ganerako taldekideek bestelako zereginak beteko ditue: Gai-jartzailea eta ordezkaria derrigorrez euki behar ditu talde bakotxak. Izan be, Bardoaken helburua lehiaketa hutsetik harago doa. Bertsolari eta bertsozaleen harrobia bultzatu nahi da eta bertsolaritzea eremu barrietara eroan, Nafarroa guztiko eskualde eta giroetara.

Txapelketea bera talde lanean oinarrituko da. Alkarteetan eta eszenatoki txikietan jokatuko dira saioak, hurrekoak eta epelak izan daitezan. Guztira, 23 saio izango dira. Hasteko, bariku honetan bertan, Lizarran, Donamarian, Barañainen eta Beran saio bana egongo da. Fase bi egongo dira eta hiru onenek finala jokatuko dabe, martiaren 19an Etxarri-Aranatzen.

Bardoak 2012an sortu zan eta urte bian behin egiten da, Nafarroako Txapelketea jokatzen ez dan urteetan. Aurten, beraz, hirugarren edizinoa izango da. Auzolana oinarrian eta bertso-eskoletatik abiauta, Nafarroan bertsogintzaz disfrutetako aukera barritzailea emotea da asmoa.

Saioen egutegia, hemen.

Osorik irakurri