Euskerazko hezkuntza-ereduen aldeko kanpainea martxan ipini dabe Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 19a, 00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alkarbide euskera zerbitzuen bilguneak antolatu dabe kanpainea, Bizkaiko 39 herritako udal eta mankomunidadeakaz batera. Datorren ikasturterako aurrematrikulazino kanpainea martxan dagoan ezkero, gurasoei euskerazko ereduen alde egiteko deia egingo deutsie. Bi eta hiru urteko seme-alabak daukiezan 7.000 familia ingurutara heltzea da asmoa.

Aurreko urteetako ereduari jarraituta, D bitamina, aberastu bere heziketa leloa eukiko dau kanpaineak. D bitamineak gorputza indartzen dauen moduan, D ereduak be umeari mesede handia egiten deutsala nabarmentzea da leloaren helburua. Izan be, D ereduak ume elebidunak sortzen ditu, kanpainearen bultzatzaileek dinoenez.

Aurten, 24 udalek eta mankomunidade bik (Txorierri eta Enkarterria) bat egin dabe kanpaineagaz, eta horri esker Bizkaiko 39 udalerritara helduko da mezua. Tartean dagoz Bilbo, Basauri eta Mungia moduko herri edo uri haziak, baita txikiagoak be.

Bi eta hiru urteko umeen matrikulazino kanpainea hasi aurretik,  informazinoa banatuko dabe gurasoen artean. Umeak D ereduan matrikulau ezkero lortzen diran onurak azpimarratu nahi ditue informazino horretan. Ganera, gurasoek inkestea beteteko aukerea eukiko dabe, kanpaineari buruzko euren eretxia emoteko. Erantzunak bialtzen dituenen artean, euskerazko produktuak zotz egingo dira.

Osorik irakurri