Bizkaiko uriburuko aratusteetako personaia enblematikoak dira Farolin eta Zaranbolas. Urtero, persona ezagunei emoten deutsie horreek kargu biak beteteko aukerea. Bilboko Jai Batzordeak jakitera emon dauenez, aurten Ane Zabala eta Galder Perezi emon deutsie kargu hori.
Farolin eta Zaranbolas 1984an sortu zituan Jai Batzordeak, aratusteakaz lotutako ohituretan oinarrituta. Izan be, ohikoa da aratusteetan personaia gaizto bat epaitzea, gauza txarrak modu sinbolikoan kanporatzeko. Ona/txarra eskemea alboratuta eta ikutu umoretsua emonda, Bilbon Farolin eta Zaranbolasen epaiketea sortu eben eta urtero uriko persona ezagun bik beteten ditue karguak.
Arauak dinoanari kasu egin ezkero, Farolin eta Zaranbolas bilbotarrak izan behar dira derrigorrez, baina bilbotarrak nahi daben lekuan jaiotzen diranez, bilbotartuak be onartzen ditue. Farolinena egingo dauen personea ibilbide profesional oparoa daukan bat izan behar da, bere bilbotar izakeraz harro dagoana. Zarambolasena, ostera, ondo bizitzearen helburua daukan batek egin behar dau.
Arte eszenikoetako artista bi aukeratu ditue 2016ko aratusteetarako. Ane Zabala aktorea euskerazko antzerkigintzan nabarmendu da azkenaldion. Lanbidez kazetaria da eta Hamaika Telebistan dabil gaur egun. Galder Perez, aktorea ez eze, gidoilaria be bada. Alkarregaz Adarretatik zintzilik antzezlana estreinau dabe oraintsu Zabalak eta Perezek.