Galdakao eta Usansoloko informazinoa euskera hutsean lantzen dauen aldizkaria da Binke!. Atzo, eguaztena, hedabide barriaren aurkezpen publikoa egin eben, Galdakao, Usansolo eta inguruko euskaldun asko bertan zirala. Euskerazko informazinoak udalerrian euki dauen hutsunea betetera datozala adierazo dabe bultzatzaileek. Gaur eta bihar banatzen hasiko dira lehenengo zenbakiaren 14.000 aleak.
Hortaz, aurreko hileetako prestakuntza guztiek ekarri dabe emoitzea eta, aurrerantzean, Galdakao eta Usansoloko etxeetara helduko da Binke! hilero. Gaur egun martxan dago Geuria, Hego Uribeko euskerazko argitalpena, baina Binke!-k beren-beregi Galdakao eta Usansoloko barriak landuko ditu. Tamainu horretako udalerri batek era horretako proiektu baterako beharra daukala azpimarratu dabe bultzatzaileek.
Galdakaoko Gandasegi aretoan bart iluntzean egindako aurkezpen ekitaldian, dozenaka lagun batu ziran, hilabetekari barriaren nondik norakoak ezagutzeko. Arkaitz Estiballes herriko bertsolaria ibili zan aurkezle, Binke!-ko arduradunakaz batera. Entzuleen artean, kulturearen, politikearen eta euskerearen alorreko galdakoztar eta usansoloar ezagunak egon ziran, baita herritar ugari be.
Lehenengo zenbakia atzoko ekitaldian ikusi ahal izan zan eta gaur eta bihar Galdakao eta Usansoloko etxeetan banatuko dabe, doban. Guztira, 14.000 ale argitaratu ditue. Euskerazko agerkari bakarra izango da Galdakao eta Usansolon eta, horregaitik, hutsune handi bat beteko dala nabarmendu eben atzokoan.
Kontxi Belandia da lehenengo zenbakiko alkarrizketatua, Binke!-ren historiako lehenengo protagonistea beraz. Albisteak, erreportajeak, eretxi-artikuluak eta abar be topauko ditu irakurleak. Aitu euskera alkartea dago proiektuaren atzean eta koordinatzaile lanetan Jon Gomez Garai dabil. Herritarrek eta alkarteek aldizkarian parte hartzea nahi dabe eta, horregaitik, lantzean behin batzar edegiak antolatuko ditue.
Binke!-ren asmoak eta ezaugarriak sakonago ezagutzeko, irakurri Bizkaie!-k Jon Gomez Garai koordinatzaileari egindako alkarrizketea.