Art After Dark zikloan, Agents of Time hirukote italiarra dator Bilbora

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 22a, 00:00

Guggenheim Museoak antolatzen dauen Art After Dark zikloko saioa antolatu dabe gaurko, barikua. Agents of Time hirukote italiarraren doinu bereziak entzun eta koreografia deigarriak ikusi ahal izango dira oraingoan. Mungo´s HiFi eta Bomb Bass be egongo dira. Saioa gaueko 22:00etan hasiko da.

Gauari ekiteko, Bomb Bass HiFi bilbotarraren musika-saioa egongo da Guggenheim Museoaren atrioan. Biniloaren eta doinu jamaikarren defendatzailetzat dauka bere burua artista beterano horrek. Jamaikako musikearen zuztarrak aldarrikatuko dituan saioa egingo dau, ska, rocksteady eta roots reggae doinuak erabilita.

Ondoren, Mungo´s HiFi eskoziarraren txandea izango da. Honen doinuetan be eragin jamaikarra nabaria da, hango giroan oinarritutako estiloaren ordezkari dalako, Bass Culture izenekoarena. DJa eta bere lantaldea dira Mungo´s HiFi eta reggaea aurreretxi barik onartzearen aldekoak dira.

Gaua biribiltzeko, Italiako hirukote bat etorriko da Guggenheim Museora: Andrea Di Ceglie, Fedele Ladisa eta Luigi Tutolo, Agents of Time izenagaz ezagun egin diranak. Tresna analogikoak erabilteko modu berezia da euren ezaugarri nagusia eta koreografia landuak be eskaintzen ditue. Ikuskizun harrigarria da Agents of Timerena, museoko arduradunek nabarmendu dabenez.

Art After Dark zikloko urtarrileko saiora joaten diranek, Guggenheim Museoan une honetan zabalik dagozan erakusketak ikusteko modua eukiko dabe: Alex Katz, hemen eta orain eta Making Africa erakusketa handiak, Ho Tzu Nyen-en instalazinoa eta museoaren bildumako piezen aukeraketea.

Sarrerak Guggenheimen bertan erosi leitekez, 13 euroan. Museoaren Lagun diranek, 9 euro baino ez dabe ordaindu beharko. Gehienezko ikusle kopuru mugatua dagoala ohartarazo dau museoak.

Hilean behin antolatzen dau Bilboko Guggenheimek Art After Dark, artea eta munduko DJ esanguratsuenen musikea buztartzeko. Saioak gauez izaten dira, 22:00etatik 01:00etara, gitxi gorabehera. Gaurkoaren ostean, Art After Darken hurrengo saioa zezeilaren 19an izango da.

Osorik irakurri