Euskara 21 Batzordeak ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua aztertu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 25a, 00:00

Euskara 21 Batzordeak Eta hemendik aurrera zer? dokumentua aztertu dau Donostian  egindako bileran. Eztabaidarako edegia dagoan dokumentu berezi eta barritzaile honek hainbat ekarpen jaso ditu azken hileotan, bai zenbait batzordekidek eginak, baita batzordekide ez dan hainbat adituk idatziak be. Aitatu bileran, ekarpen horreetako batzuk aurkeztu ditue; danetara, 29 ekarpen jaso ditu Eta hemendik aurrera zer? dokumentuak, sortu dauen interesaren seinale.

Dokumentu honen eztabaidarako antolatutako bileren hirugarrena izan da hau, izan be, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oinarrizko dokumentua aurkeztu eban Euskara 21 Batzordeak 2015eko garagarrilaren 10ean eginiko bilkuran. Oinarrizko dokumentua aurkeztu ondoren, ekarpenak egiteko aukerea emon eben, eta, zemendiaren 6an, Batzordea barriro batu zan ekarpenak ezagutu eta eztabaidatzeko. Ekarpen guztiak ezagutzeko aukerarik egon ez zanez, orain egon da aukerea, ganerako ekarpenak aurkeztu eta eztabaidatzeko.

Ekarpenetan jasotako ikuspuntuak, jakina, askotarikoak dira, ikuspuntuz zein asmoz, eta alor desbardinetarako proposamenak planteau dira, bai hainbat kontzepturen inguruan, baita dokumentuak proponiduten dauen hurrengo urteetarako lehentasun markoari lotuak. Guztietan, ostera, aintzat hartu dira dokumentuaren pertinentzia, egokitasun orokorra eta orientabide nagusiak, eta adostasun zabal baterako aukerea eskaintzen dauela autortu dabe ekarpengile gehien-gehienek.

Eztabaida edegi eta zabala egin dabe batzordekideek eta ganerako ekarpengileek, eta eztabaida hori aurrerapausu argia izan da behin betiko dokumentu bat osotzeko bidean. Lan hori, hurrengo asteetan egingo da.


Eta hemendik aurrera zer?

Euskara 21 Batzordeak ESEPen diagnostikoan sakontzea helburu hartuta osotua dan AMIAren ganeko eztabaidea egin ebanean, eta kide batzuek holan proponiduta, konpromisoa hartu eban Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 20 urteko perspektiban, zer?  galdereari erantzun bat emongo eutson dokumentua idazteko. Konpromiso ha betetera dator Eta  hemendik  aurrera  zer? dokumentua, eta euskerearen garapen iraunkorra dau ardatz. Euskerearentzat nahi dogun etorkizunaz gogoeta jasoten dau dokumentuak, eta hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarbarritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proponiduten ditu.


Euskara 21 Batzordea

Euskerearen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen proposamenez, hizkuntza politikeari buruzko eztabaida eta hausnarketa edegia eta zabala abiarazo eban 2008an. Ekimen hori Euskara 21 izan zan, hain zuzen be. Batzorde honek, orain arte hizkuntza politikearen alorrean egindako bidea aztertzea eta ondorengo urteetan emon beharreko pausuak zehaztea ditu helburu, baita euskerearen normalkuntzaren inguruan ahalik eta adostasun politiko eta sozial zabalena lortzeko ahalegina indartzea be.

Gogoetarako marko zabala izatea da Euskara 21 Batzordearen helburua. Holan, Patxi Batzarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea buru dala, hainbat erakunde publikoren ordezkaritzea eta alor ugaritako gizarte eragile eta adituak batzen ditu, danetara 50 kide inguru.

Osorik irakurri