Batzar Nagusia egin dau UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak asteburuan, Zarautzen. Aurten 25 urte beteko ditu erakundeak eta hazten segiduteko helburua ipini dabe arduradunek. Gaur egun 73 udalerri dagoz UEMAn eta 80ra heldu nahi dabe. Bizkaiko Ea da sartu dan azkena.
2016rako eginkizunak eta asmoak zehazteko batu da UEMAko ordezkaritza zabal bat Zarauzko Batzar Nagusian eta mezu garbi bat adostu dabe: UEMAk sendotzen eta hazten segidu behar dau eta, urtea amaitzerako, beste dozena erdi udalerri nahi ditue alkartean (73tik 80ra pasetea da helburu zehatza). Era berean, UEMA askotarikoa dala baina kide guztiak batuta dagozala nabarmendu dabe.
Desbardintasunen ganetik, euskerearen inguruan oinarrizko kontuetan ados jarri eta normalizazinoan egiteko eta esateko asko daukagu udalerri euskaldunok, adierazo dau Josu Labaka UEMAko presidenteak, urrian kargua hartzean esan zituan berbak gogoan hartuta. Agintaldi hau UEMA sendotzeko giltzarria izango dala ziurtatu dau Labakak.
Zuzendaritza Batzordeak Zarautzen onartutako lau urteko planak hainbat alor jorratuko ditu: Udalerri gehiago nahi ditue UEMAn, udalerrien funtzionamendua eta herritarren arretea erabat euskaldundu nahi ditue eta arnasguneak jagon nahi ditue, erabilereari arreta berezia ipinita.
Zarauzko bilkuran Ea onartu dabe UEMAn. Bizkaiko kostaldeko herri horrek zemendian eskatu eban mankomunidadean sartzea eta zapatuko batzarrean onartu eben. Ea, Natxitua eta Bedarona dira udalerriko hiru zatiak, guztira 865 biztanle. Ezagutzeak nabarmen behera egin dauen arren, herritarren % 77 euskaldunak dira eta, beraz, euskerearen arnasgunea da Ea.
Era berean, 25. urteurrena be beteko dau UEMAk aurten. Hasikerako gogoa eta ilusinoa daukiela azpimarratu dau Labakak. Euskeraz bizi ahal izatearen aldeko aldarrikapenak oraindino bizi-bizirik dagozala ganeratu dau. Maiatzean beteko dau mende laurena UEMAk eta orduan egingo dabe Udalerri Euskaldunen Eguna, Leitzan.