Europako Kontseiluak Behatokiaren ondorioak berretsi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 25a, 00:00

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak gomendioak egin deutsiez Espainiako Estaduari Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezarritako betebeharren inguruan. Gaur goizean eskainitako prentsaurrean, horreen balorazinoa egin dabe Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak eta Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendariak.

Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna (Euroituna) 2001eko abuztuaren 1ean jarri zan indarrean, eta ordutik, Estaduak hartutako konpromisoen lau ebaluazino-prozesu izan ditu. Gaur goizean prentsaren aurrean eginiko agerraldian Garbiñe Petriati Ijurra Behatokiaren zuzendariak azaldu dauenez, laugarren monitorizazino honetako gomendio eta ondorio nagusiek bat egiten dabe Behatokiak azkeneko hiruzpalau Urteko Txostenetan adierazotako ondorioakaz.

Europako Ministroen Batzordeak egin barri dituan azken gomendioetako bi justiziaren eremukoak dira. Egiturazko arazoak dagozala eta Estaduari eskatzen deutso marko juridikoa aldatzea bai eta justizia administrazinoan hizkuntzea ezagutzen dauen langile proportzino egokia izateko neurri legal eta praktikoak hartzea. Gomendio hau azpimarratu dau Behatokiko ordezkariak: legea aldatzeko eskaerea behin eta barriro emon dan gomendio berezitua baita.

Estaduko administrazinoan hizkuntza ofizialei toki egokia bermatzeko legea beteteko eta neurri praktikoak hartzeko da beste gomendioetako bat. Petriatiren ustez, horrek erakusten dau zerbitzu publikoetan gurea lako hizkuntzak erabilteko dagozan bakotasunak.

Zerbitzu publikoetan, batez be osasun zerbitzuetan, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko neurriak hartzeko eskatzen deutse laugarren gomendioan. Zoritxarrez, azken urtetan Behatokiak agirian jarri dauen errealidadea baieztatzen dau gomendio honek adierazo dau Petriatik; oinarri-oinarrizko zerbitzua izanda bere, herritarrak erderaz egitera behartuta dagozala ondorioztatu dauelako behin eta barriro.

Hezkuntza hiru eledunak tokiko hizkuntzen babes eta sustapenaren kalterako ez izatearen gomendioari buruz, Nafarroako egoerea ekarri dau gogora Petriatik, izan be, irakaskuntzan euskerea baztertzen dan bitartean ingelesezko programak inposatu baititu Nafarroako Gobernuak.

Hezkuntzearen eremuan Adituen Batzordeak LOMCEren inguruan azaldutako kezka edo ardurea be aitatu dau Behatokiko zuzendariak; kontuz ibili beharra adierazo dabe, eredu horrek eta gaztelania indartu nahi izateak erregio edo gitxiengoen hizkuntzen hezkuntzeari ez eragiteko.

Adituen Batzordeak egindako hainbat iruzkin eta iradokizun orokorri be erreparau deutso Behatokiko ordezkariak; horreen artetik, komunikabideen arloan Nafarroako Gobernuak Hizkuntza Gitxituen Ituna ez betetea leporatzen deutsiela nabarmendu dau Petriatik. Esangura horretan, euskerazko irrati eta telebista bat eskura izateko aukerea bermatzeko gomendioa egin deutsie Nafarroako Gobernuari.

Euskal Autonomia Erkidegoari jagokonez, ebaluazino txostenean beren-beregi aitatzen dira justizian, segurtasun indarretan, osasungintzan eta gizarte gaietan euskeraz ezagutzen daben langile kopuru eskasak sortzen dituan arazoak. Petriatiren arabera, honek be bat egiten dau Behatokiak bere txostenean jasotako ondorioakaz: administrazino publikoan lan egingo daben personek euskeraz ez jakiteak kaltea eragiten deutso hizkuntza-eskubideen bermeari.

Beste hainbat elementuren ganeko zehaztasunak be egin ditue Behatokiko eta Kontseiluko ordezkariek; besteak beste, Nafarroaren kasuan, hezkuntzeari jagokozan elementuetan deigarria egin jaku atalez atal ebaluetea eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzeaz ezer ez esatea euskaltegietarako diru-laguntzinoak erabat desagertu diranean. Gauza bera nabarmendu dabe hedabideen sustapenerako laguntzak zero diranean.

Bestetik, Adituen Batzordeak Euskarabidearen aurrekontuak izan dauen jatsiereak euskerearen sustapenean izan leiken eragin ezkorra azpimarratu izana be esanguratsua egin jaku adierazo dabe.

Osorik irakurri