Ikusi eta Ikasi programearen 12. edizinoa martxan Bilbon, sekula baino jarduera gehiagogaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 25a, 14:25

Urtarrilaren 26tik apirilaren 16ra bitartean, uriko umeei eta hareen familiei zuzendutako 58 ekintza egongo dira: Tailerrak, zirkua, ipuin-kontalariak, magia, antzerkia eta abar. Izan be, Bilboko Udalak eta Topaguneak antolatutako Ikusi eta Ikasi egitasmoak ez deutso urteroko hitzorduari huts egin. Aurten, hamaika auzotan egingo dira jarduerak eta lehenengo aldiz helduko dira Zorrotza eta Santutxura.

Aurreko urteetan eukitako arrakastea errepetiduteko asmoz antolatu dabe aurten Ikusi eta Ikasi, Bilboko ume eta gurasoentzako programea. Igaz, 6.800 umek parte hartu eben 51 jardueratan eta aurten 58 ekintza preparau ditue, sekulako gehien. Ganera, apirilera arte luzatu dabe programazinoa, orain arte martira arte baino ez danean izan.

Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Euskera zinegotziak adierazo dauenez, aurten jente gehiago erakarri nahi dogu, horregaitik, bilbotar guztiei dei egiten deutsegu Ikusi eta Ikasi ezagutu daien. Topaguneko Aritza Escandonek ganeratu dauenez, gurasoentzako eskaintzea indartzen dabilz azken urteotan batez be, ia-ia umeentzako beste jarduera dagoz gurasoentzat.

Izan be, 58 ekintzetatik, 24 ume eta gurasoek alkarregaz egiteko tailerrak dira. Ume eta guraso euskaldunek alkarregaz euskerazko astialdiaz disfrutau ahal izan daien antolatzen ditue tailerrok. Aurtengo nobedadea barreterapia tailerra da. Ganera, guraso erdaldunentzat, lau tailer berezi eratuko ditue, seme-alabei etxeko lanak egiten zelan lagundu jakiteko.

Ganerako 30 ekintzak bi eta zortzi urte bitarteko umeentzako ikuskizunak dira: Zirkua, txotxongiloak, ipuin-kontalariak, antzerkia, magia eta abar. Gero eta ekintza gehiago antolatzen dituenez, aurten ez dabe Ikusi eta Ikasi Aste Santuan amaituko. Apirilera arte luzatuko dabe.

Escandonek azaldu dauenez, Bilboko hamaika auzotako hamabi auzo-etxetan izango dira jarduerak, Bilbo punta batetik bestera zeharkatuko dogu. Santutxu eta Zorrotzako udaltegi barriak batu jakez orain arteko ganerakoei. Deustuko Bidarte udaltegian, zapatuan izango dira saioak, goizeko 11:00etan. Ganerako lekuetan, aste barruan eta arratsaldeko 18:00etan izango dira.

Bilboko umeentzako euskerazko astialdia eskaintzeaz gan, Ikusi eta Ikasik Bilboko artista gazteei aukerea emoten deutse. Aritza Escandonek azaldu dauenez, egitarauan 14 artista bilbotarren ikuskizunak sartu ditue, Athleticek bakarrik ez, geuk be harrobi lana egiten dogu. Bitxikeria moduan, Escandonek kontau dau, Imanol Ituiño magoa, umea zala, Ikusi eta Ikasiko bigarren edizinoan ikusle izan zala eta aurten egitarauko artistetako bat dala.

Amaitzeko, Ikusi eta Ikasiren ganeko datu gehiago eta hezkuntza arloko material osogarria topetako webgunea martxan dagoala gogoratu eragin dau Escandonek. Era berean, gurasoen ekarpenak eta ideak aintzat hartuko dituela nabarmendu dau. Igaz, 800 gurasok bete eben iradokizunen orria.

Aurtengo lehenengo jarduerea martitzenean, urtarrilak 26, izango da, Santutxuko udaltegi barrian. Musikoterapia tailerra egingo dabe. Eguenean, hilak 28, Sudurkeriak ikuskizuna egongo da Tiboli eskolan. Egitarau guztia ikusteko, hemen.

Osorik irakurri