Ondarroako Arrigorri ostatuak antolatuta, Orrigorri ekimen literarioa egingo da urtarrilaren 31tik bagilaren 5era bitartean. Egitasmo horren barruan, hainbat euskal idazlek aurkezpenak egingo ditue, barriketaldi formatuan.
Arrigorrik antolatutako proiektu barrian honako idazleek parte hartuko dabe: Harkaitz Cano, Mikel Peruarena, Katixa Agirre, Anjel Lertxundi, Iñaki Petxarroman, Bea Salaberri, Fermin Etxegoien, Koldo Izagirre, Jule Goikoetxea eta Gotzon Barandiaran.
Liher Gonzalez eta Aiert Goenaga antolatzaileek aurreratu dabenez, idazleen berbaldiak bi astetik behin egingo dira, domeka goizeetan. Orrigorri ekimenari hasierea emongo deutsona Gotzon Barandiaran izango da, urtarrilaren 31n, 11:30ean. Sarrerea dobakoa izango da, eta inguruko literatura zale guztiek dabe hurreratzeko konbita.
Antolatzaileen eretxiz, hainbat helburu lortu nahi dira ekimen barriagaz. Aiert Goenagak nabarmendu dauenez, esate baterako, Ondarroako eskaintza kulturala indartu nahi da ekimenagaz. Udan eta udagoienean Redstone Soluk kontzertu zikloagaz egin zan moduan, Orrigorrigaz be Ondarroako eskaintza kulturala indartzea da ekimenaren helburua, eta Ondarroan zein inguruko herrietako literatura zaleei inguruotan nahikoa ezohikoa dan formatu bat eskaini.
Liher Gonzalezek gaineratu dauenez, herrira zabaldu nahi da Arrigorri ostatuaren izakera kooperatiboa; Arrigorri ostatuaren izakera kooperatiboa ez da bakarrik lantaldean geratzen dan zeozer, herrira zabaldu nahi dogun egiteko eta izateko era bat baino. Espazioa erabilera pribatukoa izan arren, publikoa izatea be ezinbestekoa da, eta kultureari lekua egiteko bada, ezinbestekoagoa.