Egitarau bete-betea, Bilboko aratusteetan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 26a, 00:00

Zezeilaren 4tik 9ra ospatuko dira aurten aratusteak Bizkaiko uriburuan. Aurreko urteetan legez, Bilboko Udalak eta Konparsek bat egin dabe egitarau zabala antolatzeko. Jai askotariko eta parte-hartzaileak nahi dituela adierazo dabe. Ekitaldi garrantzitsuenen artean dagoz mozorroen lehiaketea, Farolin eta Zaranbolasen epaiketea eta sardinea erretea.

Inauteri giroa sortzen hasteko, Bilboko Udaleko zinegotziak, konparsetako ordezkariak eta uriko bizitza kulturalagaz lotutako beste batzuk mozorrotuta agertu dira Areatzan, aratusteetako egitaraua aurkezteko. Auto zahar eta guzti, mekanikari jantzita egin dabe aurkezpena. Oihana Pascual konparsakideak azpimarratu dauenez, Bilbon ez gara zozoak, beti gustau izan jaku mozorrotzea.

Itziar Urtasun zinegotziak azaldu dauenez, eragile askoren artean antolatutako egitaraua izango da aurtengoa. Modu horretara, edade eta gustu guztietako herritarrentzako aratusteak eratu nahi ditue, parte hartzean oinarrituta.

Fetxa ofiziala zezeilaren 4tik 9ra artekoa bada be, urtarrilaren 30 eta 31n be ekitaldiak egongo dira. Bilborock aretoan kopla txikien lehiaketea egingo da 30ean. Biharamunean, Plaza Barrian, inauterietako pontxe eta torrada lehiaketea egingo dabe.

Eguenean, zezeilak 4, hasiko dira aratusteak modu ofizialean. Egun horretan makina bat kontzertu egongo dira eta barikuan, hilak 5, ikastetxeen desfilea, Albia eta Plaza Barriaren artean. Zapatuan eta domekan be umeentzako ekintza ugari egongo dira Bilbon: Gargantua, jolasak, tailerrak, erraldoi eta buruhandiak...

Aurtengo nobedadeetako bat Monstruo kabaret izeneko umeentzako ikuskizuna da. Mama Crea konpainiak sortutako antzezlan berezi horren saio bat baino gehiago egingo ditue zapatuan, Zabalguneko eraikinean, familia guztien beharretara egokitu ahal izateko.

Ane Zabala eta Galder Perez aktoreak izango dira aurten Farolin eta Zaranbolas. Tradizinoari kasu eginaz, barikuan, hilak 5, epaitu egingo ditue Plaza Barrian (19:30). Oihana Pascualek gogoratu eragin dauenez, Farolin eta Zaranbolas ez dira personaia kontrajarriak, alkarren osogarri baino: Bilbotar izateko eredu biren ordezkari dira.

Mozorroen jatsierea eta lehiaketea zapatuan, hilak 6, egingo ditue. Itziar Urtasunek azaldu dauenez, lehiaketan bakarka zein taldeka parte hartu leiteke. Ibilbidean epaimahaiko kideak ibiliko dira, ezkutuan, mozorroak epaitzen. Ganera, Plaza Biribilean be egongo dira eta parte-hartzaile guztiak handik pasauko dira. Aratusteetako sardinea be Plaza Biribilean egongo da eta nahi dabenek selfie-a atara ahal izango dabe haregaz. 

Indaba lehiaketak, Udal Musika Bandearen kontzertuak eta abar ez dira faltauko aratusteetan. Jaiak amaitzeko, sardinea erreko dabe. Plaza Barrian izango da ekitaldi hori, martitzenean, hilak 9, arratsaldeko 19:30ean.

Bilboko Udalak ONCE erakundeagaz egin dauen hitzarmenari esker, aratusteak herritar guzti-guztientzako egokitzeko neurriak hartuko ditue. Oztopo bako eremuetan egingo ditue ekitaldiak eta, kasu batzuetan, zeinu bidezko hizkuntzan jarratu ahal izango dira. Braillez idatzitako egitarauak eskuragarri dagoz.

Bestetik, Itziar Urtasunek eraso sexisten aurkako mezua zabaldu dau: Ez mozorrotu jazarpena ligoteo hutsa balitz legez, ohartarazo dau. Oihana Pascualek ganeratu dauenez, aratusteak ondo pasetako, mozorrotzeko eta danon artean preparautako ekitaldiez disfrutetako dira.

Osorik irakurri