Lan mundua eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko bidean, enpresak ez eze, konsumitzaileak be ezinbestekoak dirala ikusi dau Kontseiluak. Horretan oinarrituta sortu dau Euskalgintzaren konpromisoa. Euskalgintzako eragileak bezero be badiran ezkero, jasoten daben zerbitzua euskeraz izateko neurriak hartuko ditue. Lehenik eta behin, telefono-konpainietan ipiniko dabe arretea.
2013an lan mundua euskalduntzearen inguruan egindako biltzar baten dauka jatorria Kontseiluak aurkeztutako konpromisoak. Euskeraz saldu, erosi eta lan egiteko, bezeroen presinoa ezinbestekoa dala ondorioztau eben. Lan mundua euskalduntzea ez da enpresen ardurea bakarrik, erakunde publikoek, beharginek eta bezeroek zeresana daukie, azaldu dau Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Bilbaoren esanetan, euskeraz emondako zerbitzuak zabaltzeko, ezinbestekoa da bezeroak euskeraz konsumiduteko nahia agertzea. Kontseilua eta Euskaragileak sarea osotuten daben alkarte eta erakundeetatik hasiko dira lan horretan. Izan be, Kontseiluko kide Iban Arregik gogoratu eragin dauenez, euskalgintzea bezero be bada.
Konpromisoaren bidez, hizkuntza eskubideak errespetetan ez dituen enpresetan eragin nahi dabe. Ahaldundu egin nahi dogu, dino Arregik, kalidadezko zerbitzua euskeraz be emoten dana da. Presinoa egiteko indarra badaukielakoan dago Kontseilua, haren inguruko euskalgintzako eragileek dirutzea gastetan dabe eta hornikuntza enpresetan.
Telefonia zerbitzuetan, esate baterako, miloe bat eurotik gorako gastua daukie urtero. Hain zuzen be, alor horretatik hasiko dira. Telefoniaren arloan desoreka handiak dagozala ohartu gara, euskeraz emoten dan zerbitzua aldatu egiten da operadore batetik bestera eta bategaz be ezin dira tramite guztiak euskeraz egin, azaldu dau Paul Bilbaok.
Telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa guztiakaz berba egingo dau Kontseiluak, banan-bana, konsumitzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetetako pausuak egin daiezala eskatzeko. Malgu baina zorrotz jokatuko dogu, dino Bilbaok. Euskalgintzak badaukala eragiteko gaitasuna ziurtatu dau.
Beste sektore batzuetara be zabalduko dabe Euskalgintzaren konpromisoa, aurrerago. Ganera, euskaldun guztiei dei egin deutse Kontseiluak, euskerazko arretea eskatu daien, azken finean, danok garelako berezo. Enpresek, euren estrategietan, erdigunean daukie bezeroa eta haren eskarietara egokitzen dabe eskaintzea, Bilbaok azaldu dauenez.
Dana dala, lurraldearen arabera kontsumitzaile euskaldunen eskubideak ez dagoz bardin babestuta eta horrek desorekak sortzen dituala adierazo dau Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoan badago hizkuntza eskubideak babesteko araudi sendoa, teorian behintzat. Nafarroan oso oinarrizko eskubide batzuk baino ez dira onartzen. Ipar Euskal Herrian ez dago ezelako babesik eta, hori gitxi balitz, legeak frantsesa erabiltearen alde egiten dau erabat, ganerako hizkuntzak baztertuta.