'Joxemiel Bidador' pastorala beste hiru aldiz antzeztuko dabe martian eta apirilean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 28a, 00:00

2015eko urrian Iruñean aurkeztu zan Joxemiel Bidador euskaltzale eta ikerlariaren inguruko pastorala eta, martian eta apirilean, beste hiru aldiz antzeztuko dabe. Barañainen, Gotainen eta Bilbon izango dira horreek hiru emonaldiak. Zuberoako pastoralen tradizinoan oinarrituta, Nafarroan sortutako lana da Joxemiel Bidador-Iruñeko euskaldunak eta arrakasta handiz estreinau zan.

Karrikiri, Euskaldunon Biltokia, Zaldiko Maldiko eta Duguna alkarteek antolatu dabe pastorala, Jon Alonsoren testuan oinarrituta. Iruñea inguruan sortutako lehenengo pastorala da eta ehun persona inguru dabilz lantaldean, aktore, teknikari eta laguntzaileak kontuan hartuta.

Joxemiel Bidador omentzea eta haren lan handia erakustea dira pastoralaren asmoak. Bide batez, Iruñeko euskaldunei be gorazarre egiten jake. Euskerearen eta jantzearen munduan aitzindari izan zan Bidador eta ikertzaile fina be izan zan. 40 urte betetear zala hil zan, 2010ean.

Urriaren 10ean antzeztu eben pastorala Iruñean, 700 ikusleren aurrean (sarrera guztiak saldu ziran). Harrera on hori ikusita, barriro antzezteko eskariak jaso dite antolatzaileek eta azkenean beste hiru saio egitea erabagi dabe. Oraingoz, hiru horreez gan beste emonaldirik egiteko modurik ez daukiela zehaztu dabe.

Pastoralaren bigarren aldiko lehenengo emonaldia Nafarroako Barañain herriko auditoriumean izango da, martiaren 19an (20:00). Sarrerak salgai dagoz, auditoriumaren webgunean eta Karrikirin). Martiaren 27an Zuberoara, pastoralen jatorrira, helduko da Joxemiel Bidador-Iruñeko euskaldunak. Gotaine herriak hartuko dau saioa, Xiru jaialdiaren barruan.

Amaitzeko, Bilbon egingo da Bidadorren omenezko antzezlanaren azken saioa, apirilaren 9an. Loraldia jaialdiaren hasikerako ekitaldia izango da pastorala. Euskal kulturearen topaleku eta erakusleiho izateko jaio da Loraldia, sasoi bateko Lora Jokoen antzera, eta 2016ko edizinoari pastoralagaz ekitea erabagi dabe.

Osorik irakurri