Bilboko Udalak Dantza Plazetan programearen hamabosgarren edizinoa abian jarri dau. Gure urian tradizinorik handiena daben kultur programetakoa da, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburua dauena, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Era berean, jantza tradizionalek izaten eben parte-hartze handia lortu nahi da eta jantzariek ikusleak konbidauko ditue erromerian sartu eta jantzan egin deien.
Dantza Plazetan programearen aurtengo edizinoak 51 emonaldi batzen ditu, urtean zehar banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan. Udalak, Bilboko zazpi jantza-talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazinoaren laguntzinoa dauka. Taldeak ondokoak dira: Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konparsea, Beti Jai Alai eta 1. Barrutiko taldeen federazinoa, hau da, Deustuko Folklore Taldeak.
Dantza Plazetan programea datorren zapatuan, urtarrilak 30, hasiko da. Hiru emonaldi egongo dira: Eguerdiko 12:00etan, San Felicisimon (Deustun), Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak antolatuko dau urteko lehen jantza-agerraldia. Arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxuan, izaten dan erromeria tradizionala izango da. Eta 20:30ean, Deustuko Folklore Taldeak erromeria antolatuko dau Deustuko Done Petri plazan. Domekan, urtarrilak 31n, 11:30ean, 2016. urtean bere hogeigarren urteurrena ospatzen dauen Ondalan Erraldoien Konparseak kalejirea eskainiko dau Deustun. 1. Barrutian, Deustun, dira ekitaldi gehienak.
Santutxuko Gaztedi Dantzari taldeak 65 urte beteko ditu eta, besteak beste, kalejira bat eskainiko dau Isozakiko torreetatik Casilda Andrearen parkeko pergolaraino, bagilaren 25ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Kalejiran taldean ibilitako belaunaldi desbardinetako hainbat jantzarik parte hartuko dabe.
Aurten be, Larrain Dantzea izango da Arenalean, bagilaren 11n (zapatua) eta garagarrileko zapatu arratsaldeetan Arriaga plazan jantza-agerraldiak izango dira.
Dantza Plazetan ekimenak badauka umeentzat be txoko bat eta zezeilaren 13an Begoñako Barrutiko zenbait plazatan eta bagilaren 19an Basurtuko Aita Donostia plazan umeen jantza agerraldia izango da.