'Emakumeak eszenan' programearen hamargarren edizinoa 'Las Lysistratas' obreagaz hasiko da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 29a, 00:00

Antzerkigintza amateurrean dabilzan emakumeen lana ezagutzera emoteko antolatzen dabe urtero Emakumeak eszenan zikloa eta aurten hamargarren edizinoa beteko dau. Lehenengo saioa domekan, urtarrilak 31, izango da, Bilboko Campos antzokian. Aristofanes greziarraren idazkietan oinarritutako Las Lysistratas antzezlana ikusi ahal izango da, Raul Cancelok zuzendua eta hamabi emakumek antzeztua.

Besarkada Antzerkigintza Amateurreko Taldeen Federazinoak antolatzen dau Emakumeak eszenan. Aztiak, Hamaika, Luna Llena, Totum eta Xangore konpainiek parte hartuko dabe aurtengo edizinoan, urte amaierara arte martxan egongo dan programazino bati esker. Bilbon ez eze, Erandio, Arrigorriaga, Getxo eta Sestaon be emonaldiak egongo dira.

Lehenengo saioa domekan izango da, Campos antzokian. Las Lysistratas Grezia klasikoko obra baten oinarrituta dago, baina gaur eguneko kezka eta aldarrikapenetara egokitu dabe. Emakumeak, eta gizartea orokorrean, arduratzen dituen gaiak aukeratu, buelta batzuk emon eta protesta itxurako antzezlana sortu dabela ziurtatu dabe Las Lysistrataseko protagonistek.

Arriagako Gelatxuak programan estreinau zan antzezlana, 2015eko zezeilean. Hamabi emakume dira aktoreak, Hortzmuga Teatroko Raul Canceloren zuzendaritzapean. Itxuraz erabat normala dan Maria hilten danean hasten da Las Lysistratas. Haren lagunak etxe baten batuko dira, Maria gogoratzeko, eta agurreko gutun bat topauko dabe. Gizartean emakumeek sufriduten daben ikusezintasuna salatzeko obrea da.

Emakumeak eszenaneko programazinoaren hurrengo saioa Aztiak konpainiaren Sin pena ni gloria obrea izango da, zezeilaren 14an, Getxon. Erandion eta Arrigorriagan be saioak eskainiko ditu. Ondoren etorriko dira Hamaikaren Me apunto y punto, Luna Llenaren Confesiones, Totumen Hola, mon cheri eta Xankoreren Un sorbito de amistad.

Osorik irakurri