Sabino Arana sariak emon ditue Arriaga Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 1a, 08:00

Sabino Arana Fundazinoaren sariak emoteko ekitaldia ospatu dabe Bilboko Arriaga antzokian. Sei saritu egon dira: John Garamendi, Leopoldo Zugaza, CEAR-Euskadi, Velatia, Maialen Chourraut eta Alex Salmond. Ganera, EAJko ordezkari politikoak eta gizartearen arloko persona ezagunak egon dira. Sarituek gizarteari erakusten deutsezen baloreak azpimarratu ditu Juan Mari Atutxa fundazinoko presidenteak.

Dagoeneko 148 persona edo erakundek jaso dabe Sabino Arana saria, izan be, ekimenak 27. ekitaldia bete dau aurten. Gogoa, balioa eta merezimendua kontuan hartzen dira sarituak aukeratzeko orduan, Juan Mari Atutxak azaldu dauenez, eta sarituek herri baten izakerea nazinoartera zabaltzen lan egiten dabela ganeratu dau.

John Garamendi politikari euskal-kaliforniarrak jaso dau Sabino Arana sarietako bat. Munduak aurrez aurre daukazan erronka biren inguruan ohartarazo ditu entzuleak, gizarte eta ingurumen krisiak hain zuzen. Beharrizanean dagozanei lagundu eta ingurumenaren alde egiteko, politika integralak behar dirala azpimarratu dau.

Leopoldo Zugaza eragile kulturalak, bestetik, auzolanaren balioa azpimarratu dau, kulturea zabaltzeko bide modura. CEAR-Euskadi erakunde sarituaren izenean, Javier Galparsoro bertako arduradunak errefuxiatuen aldeko mezua zabaldu dau Bilbon. Bertora datozanei harrera ona egitea mundu hobe bati lekua egitea dala dino.

Velatia taldeko buru Javier Ormazabalek enpresearen baloreak nabarmendu ditu saria hartzeko unean. Mundu zabalean 3.000 behargin baino gehiago euki arren, berton ondo errotuta dagoan enpresea dala azaldu dau. Maialen Chourraut piraguisteak be jaso dau saria, eta senideak gogoan izan ditu, emon deutsien laguntzinoagaitik. Rioko Joko Olinpikoetan emoitza bikainak lortuko ditualakoan dago kirolari gipuzkoarra.

Amaitzeko, Alex Salmond Eskoziako Lehen Ministro ohiak hartu dau berbea. Independentziarako erreferendumera eroan eban bere herrialdea (aukera horren aurkakoek irabazi eben gero), eta Euskal Herriko egoereagaz alderatu dau prozesu hori: Eskozia ez da Euskadi, baina jentea autonomia eta independentzia egarri da. Autodeterminazino handiagoa etorkizuneko proiektu gehiago gauzatzeko giltzarria dala uste dau Salmondek.

Sabino Arana sariak emoteko ekitaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Jaurlaritzako sailburu batzuk egon dira, baita EAJ alderdiko buruzagi nabarmenenak be.

Osorik irakurri