Ametsa ezin da sekula hil izenburupean eta Sabino Arana Fundazinoaren eskutik, Alex Salmond Eskoziako Lehen Ministro ohiaren gomutak eta gogoetak euskeraz irakurtzeko aukerea dago. Eskoziako independentziaren inguruko 2014ko erreferendumaren bultzatzaile nagusia izan zan Salmond eta orduko bizipenak batu ditu liburuan. Holako prozesu bat eregiteko urte askotako lana beharrezkoa dala azpimarratu dau Salmondek, Bilbon egindako aurkezpenean.
Erreferendumean ezezkoak irabazi eban eta, hortaz, Eskoziak Erresuma Batuaren barruan segiduten dau. Halandabe, Alex Salmondek esperantzarako deia egin dau. Liburu baikorra da, beraz, The Dream Shall Never Die. Erreferendumaren aurreko aste eta egunetan, baiezkoaren aldeko kanpainea zelakoa izan zan zehatz-mehatz kontetan dau Salmondek eta prozesuak sortu deutsazan gogoetakaz biribiltzen dau liburua.
Euskerazko bersinoa, Ametsa ezin da sekula hil, ingelesezko originaletik egiten dan bigarren itzulpena da, Eskoziako gaelikora egindakoaren ostean. Sabino Arana Fundazinoko presidente Juan Mari Atutxak nabarmendu dauenez, euskereari lehentasuna emon nahi izan deutsie eta hizkuntzearen normalizazinoagaz bat egin.
Euskaldun eta europarrak kezkatzen dituen gaiak dira gure fundazinoaren ardura eta, batez be, nazino txikien lekua topetea da gure zeregina, azaldu dau Juan Mari Atutxak. Irailaren 19a [erreferendumaren eguna] ez zan ezeren amaierea izan, etorkizunari eta esperantzeari leihoa zabaldu jakon. Independentziarik lortu ez arren, Eskoziari indarra emon eutsala ziurtatu dau Atutxak, nazinoa, azken finean, emozinoa be bada, bihotza eta arrazoia, biak.
Alex Salmondek liburuaren aurkezpenean adierazo dau, Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria ez dirala bardinak, nazino bakotxak bere ezaugarriak dauazala, baina alkarrengandik ikasi leikiela. Eskoziako erreferendumak, Salmonden ustez, ikasgai garbi bat itxi dau: Gauzak ez dira goizetik gauera gertatzen, urte askotako lana egin behar da. David Cameron [Erresuma Batuko Lehen Ministroa] ez zan goiz baten jagi eta erreferenduma egiten itxiko euskula pentsau, 50 urteko burruka baten emoitzea izan zan.
Nire zeregina ez da ganerako nazino txikiei esatea zer egin behar daben, segidu dau Salmondek azaltzen, baina aholku bat emon nahi neuke: guzti-guztiek estatus bardina eukitean dago giltza, hori da Eskoziatik atara leitekean irakaspen unibersala.
Era horretako prozesu batek sortzen dituan ondorioak politikearen eta gizartearen alor guztietara zabaltzen dirala ohartarazo dau Salmondek: Erresuma Batuak Europar Batasunaren barruan segidutearen inguruko eztabaidan be eragina dauka Eskoziak, ze Ingalaterran ez dira Europaren oso aldekoak, baina Eskozian bai. Horregaitik, Europaren debatea mahai ganean dagoan bitartean, Eskoziaren estatusa aldatu leitekela uste dau, Erresuma Batuak Europar Batasunetik urteten badau, orduan eskoziarrek independentziaren alde egitea posible da, Europan segiduteko.
Amaitzeko, independentziak ez dauela zertan kalterik edo atzerapenik ekarri azaldu dau Salmondek. Bigarren Mundu Gerrea ezkeroztik, 50 bat estadu sortu dira Erresuma Batutik independentzia lortuta, eta oraingoz bakar batek be ez dau bueltau nahi izan. Eskoziako independentziaren amesa bizi-bizirik dagoala esanaz amaitzen da Salmonden liburua.