Smithsonian Folklife Festivalen Euskadi izango da konbidautako kulturea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 1a, 00:00

2016. urteak aldaketa garrantzitsua ekarri leike Euskadi, Basque Countryren nazinoarteko proiekzinoan, izan be, Eusko Jaurlaritzeak eta hiru Foru Aldundiek Smithsonianen konbidapena onartu dabe. Kulturearen eta ikerketearen alorrean, AEBetako erakunderik handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da Smithsonian, eta Euskadi konbidau dau Smithsonian Folklife Festivalen izarra izan daiten. Ekitaldi handi honetan parte hartuko dauen Europa hegoaldeko lehenengo kulturea izango da Euskadikoa. Datorren udan Washington D.C. urian egingo dan kultur ekitaldi handia da. Nazinoarteko ekitaldia da eta urtero munduko kultura bat edo gehiago konbidetan ditue, Ipar Amerikako uriburuko National Mall-ean euren ondarea erakutsi deien. Aire zabalean dago National Mall, 12.000 metro koafro ditu eta Kongresuaren eta Washington Monumentuaren artean kokatuta dago.

Bagilaren 29tik garagarrilaren 4ra eta garagarrilaren 7tik 10era egingo da jaialdia. 10 egun horreetan Euskadi AEBetako erakusleihorik handienean egongo da eta bere kulturea, gastronomia, barrikuntzea, eskulangintzea eta historia urtero ekitaldia bisitetan daben ehunka mila personei erakusteko aukerea izango da, baita ekitaldia online jarraitzen daben 40 miloe personei erakusteko be.


Aukera parebakoa: Basque: Innovation by Culture

Ipar Amerikako uriburutik, munduari Euskadiren kultur ondare osoa, iragana, oraina eta etorkizuna erakusteko aukera parebakoa da. Euskal kulturea bultzatzeko modu parebakoa da eta batez be, euskerea bultzatzekoa.

Euskal erakundeek gure herrialdearen aukeretan sakontzen dauen erakusketea antolatu nahi dabe. Ideen kontrastea tresna ona da; izan be, Euskal Herriak harriak jasoten ditu, baina Guggenheimen erako eraikinak be bai. Bere lurrari lotutako herria da, baina aldi berean edegia da eta mundura konektauta egon izan da antxina-antxinatik (esploratzaileak, balea arrantzaleak...). Horregaitik aukeratu da Basque: Innovation by Culture leloa.

Eta kulturearen eskutik, Euskadik nazinoartean dauen presentzia indartzen eta alor guztietan Basque Country estrategia indartzen lagunduko dau jaialdi honek.


Enpresentzako aukerea be bada

Nazinoartekotzerako Euskal Partzuergoaren barruko euskal erakundeek ondo dakie Smithsonian Folklife Festival aukera ederra dala; esangura horretan, euskal enpresentzako eta euskal ekonomiarentzako be aukera ekonomiko positiboa izan daiten lanean dabiz, ekitaldiaz kanpoko gune batean munduko lehenengo ekonomiagazko hartu-emon egonkor eta jarraitua sortzeko. Ganera, AEBetan Euskadiren hirugarren merkatua dira, Frantziaren eta Alemaniaren atzetik.

Euskal erakundeek euskal enpresa-sareagaz konpartidu nahi dabe aukera hau, inguru apropos honetan enpresa eta erakunde estadubatuarrakaz negozioak egin eta hartu-emonak egin deiezan.

Kontuak kontu, lanean hasita dagoz, lurraldeko enpresakaz batera, dagoeneko AEBetan ezarrita dagozanentzako edota munduko lehenengo ekonomia interesetan jakenentzako agenda zehatza antolatzeko. Enpresa horreetako asko alor estrategikoetan kokatzen dira, neurriagaitik eta aukerakaitik (energia, automobilgintzea, aeronautikea eta makina-erremintak, gastronomia ahaztu barik).

ETEen misino bat be egongo da, lurralde bakotxeko merkataritza ganberek antolatuta eta Eusko Jaurlaritzeak koordinauta.

Eusko Jaurlaritzako Industria Saila buru dauen eta hiru Foru Aldundiek babesten daben (horreek berba egingo dabe lurralde bakotxeko enpresakaz) proposamen ekonomikoak aliantza publiko-pribatua ezarri nahi dau, guztiontzako onak diren akordioak lortzeko.

Turismoa da proiektu honen beste lehentasun bat. Ipar Amerikako merkatua oso garrantzitsua da, bai baliabideei jagokenez eta bai turista kopuruari jagokonez be. Basquetour Euskadi Washington D.C.n dauen presentzia handitzeko arduraduna izango da turismoa sustatzeko.
 

Osorik irakurri