Zezeilaren 3an, eguaztena, izango da saioa, Bilboko Euskalduna Jauregian. Txistuagaz joteko piezak dira Musikearen koloreak emonaldiaren oinarria, pianoak, marimbak, kontrabaxuak eta abarrek lagunduta. Estilo ugaritako errepertorioa preparau dabe. Bilboko Udal Txistulari Bandeak, oraingoan, Nafarroako Konserbatorioko hamar musikari izango ditu alboan.
Askotariko doinuak sartzeko asmoz, estilo ugaritako piezak ez eze, hainbat jatorritako konpositoreen lanak be aukeratu ditue emonaldirako. Holan, euskal sortzaileen (Urteaga, Ansorena, Lecumberri...) eta atzerrikoen (Schikardt, adibidez) piezak tartekatuko dira.
Bakarkako txistu eta emonaldi tradizionaletatik hasi eta kabaret doinuetara, estilo ugaritako musikea joko dabe. Kontrabaxuak, bateriak edo marimbak lagunduta, txistuaren erregistro guztietatik ibilbidea egingo dabe. Kolore guztietako erritmoak helduko dira Euskaldunara, antolatzaileen esanetan.
Bilboko Udal Txistulari Bandako ohiko kideakaz batera Nafarroatik etorriko diran hamar musikariak honeek izango dira: Izaskun Andueza, Arkaitz Ibarra, Xabier Olazabal, Edurne Errea, Iker Alvarez, Agustin Agirre, Leyre Lisarri, Roman Cubedo, David Delgado eta Asier Elias. Ohiko moduan, Bilboko Bandearen zuzendari Garikoitz Mendizabal ibiliko da.
Musikearen koloreak emonaldia eguaztenean, hilak 3, izango da, iluntzeko 20:00etan, Euskalduna jauregiko A1 aretoan. Lekuak bete arte, doban sartu ahal izango da. Kontzertua Txistulari Bandearen neguko zikloaren barruan dago. Martiaren 23ra arte egongo da martxan ziklo hori.