Euskerazko B1, B2 eta C1 mailak lortzeko sistema erraza eta bisuala lortzeko asmoz sortu dabe Euskaragara webgunea. Ganera, horregaz lotutako liburuaren bigarren edizinoa argitaratu dabe. Batez be, ikasgai teorikoak sartu ditue, baina euskereagaz lotutako bitxikeria eta bideoak be topau leitekez. Aurrerago, bizkaierea ikasteko jarraibideak be sartu nahi ditue.
Aditzak edo hiztegia ikasteko zerrenda luzeak modu atseginago baten aurkeztea da Euskaragara sortu dauen lantaldearen helburuetako bat. Holan, koloreak eta arau nemoteknikoak erabilten ditue azalpenetarako. Oso bisuala da, irakurten erraza dan sistemea sortu nahi izan dogu, dino Lander Iruretagoiena proiektuaren bultzatzaileak.
Puxika-sistemea dalakoa erabilten dabe webgunean. Hau da, berben ganetik arratoia pasau ezkero, azalpen gehiagarriak agertzen dira. Holan, begi-kolpe bakarrean informazino lagungarria ikusi leiteke. Iruretagoienak azaldu dauenez, lan nekeza da horrenbeste datu sartu eta antolatzea, baina erabiltzaileari sinpletasuna eskaintzen deutso: Oso gatxa da webgunea programetea; itxuraz, ostera, webgune sinplea da.
Batez be ama hizkuntza gaztelania daukienei zuzendutako webgune eta liburua dira. B1, B2 eta C1 (EGAren parekoa) mailetarako egokitu dabe, eskari gehien daukienak diralako. Euskerea ikasten dabilenak daukazan zaltasunei erantzuten ahalegindu gara, dino Iruretagoienak.
Liburua eta webgunea, biak, ataratea beharrezkotzat jo dabe Euskaragara proiektuaren arduradunek. Liburua euskarri tradizionala da baina merkaduan, gaur egun, teknologia barriek indar handiagoa daukie, jenteak ez dau liburuetara joten. Ganera, papelezko liburuak emoten ez dituan aukerak emoten ditu internetek.
Liburua erosita, webgunean nahi beste ibilteko pasahitza lortzen da eta holan euskarri biak buztartu leikez erabiltzaileak. Liburua erosi barik webgunean erregistrau ezkero, 24 orduz doban ikusi leitekez edukinak.
Teoria da Euskaragara proiektuaren oinarria, batez be gramatikea, baina bestelako baliabide batzuk be eskaintzen ditu: Bitxikeriak, idazlanak egiteko jarraibideak, bideoak eta abar. Ganera, bloga be martxan daukie, Euskeraikasi izenekoa. Bertan, euskerea ikasteak daukazan alde onak lantzen dira, euskerearen inguruan dagozan uste okerrak eta mitoak ezabatzeko. Ikasle askok, batez be azterketetan huts egiten badabe, ezkortasunez ikusten dabe euskerea, ikuspegi negatiboa hartzen dabe; horri aurre egitea be bada gure helburua, dino Iruretagoienak.
Euskera ikasleei ez eze, euskaldun osoei be zuzentzen jake bloga, baina. Alde batetik, ikasten dabilzanei laguntzeko aholkuak emoten jakez eta, bestetik, egunerokoan euskerazko zerbitzu gehiago erabilteko deia egiten jake. Esate baterako, interneteko nabigatzailea, telefono mobileko pantailea edo ordaindu beharreko fakturak euskeraz eukiteko jarraibideak emoten dira. Euskeraz bizitea praktikara eroan behar da, euskerazko zerbitzuen eskaria igota enpresek baliabide gehiago bideratuko ditue euskerara, azaldu dau Iruretagoienak.
Aurrera begira, webgunea osotuten joatea da asmoa. Oraingoz, euskera batuko arauak jaso ditue, hori dalako azterketa ofizialetan gehien erabilten dana. Halandabe, bizkaierea ikasteko atala sortzea darabile buruan.