Kulturearen Euskal Kontseiluak batzarra egin dau Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 3a, 00:00

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza sailburuak gidatuta, politikearen eta kulturearen arloko hainbat ordezkari batu dira Bilbon, Kulturearen Euskal Kontseiluaren batzarrera. Kultura Auzolanean Plana izan da berbagai nagusietako bat. Egitasmo horren 2014 eta 2015 urteetako balantzea egin eta 2016rako asmoak zehaztu ditue.

2014-2015 epean Kultura Auzolanean Planaren barruan jasotako proiektu nagusiak aitatu dira batzarrean eta bakotxaren helburuak zein mailataraino bete diran aztertu da. Txostenak aurkeztu dira, hainbat alorretakoak: arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, euskal arte garaikidea, finantziazinoa, kultura ohiturak eta abar.

Ondoren, 2016an Kultura Auzolanean egitasmoan sartzeko proposamenak aurkeztu dira. Lehentasuna eukiko daben proposamenak aukeratzeko baldintzak ezarri ditu Kulturearen Euskal Kontseiluak: Administrazino guztietarako, urte guztian egiteko modukoak eta erakundeen arteko koordinazinoa hobetzeko planak izan beharko dira 2016koak. Honako arloetan jardungo dau Kultura Auzolanean Planak: kulturan emakumeen presentzia eta parte hartzea bultzatzeko proiektuak, ondare ez-materiala, sorkuntza eta bitartekotza guneak eta euskal kultur bibliografia.

Batzordearen batzarra amaitu aurretik, Ramon Zalloren gidaritzapean EHUk egindako txostena aurkeztu da. Balio-katearen analisia eta kultura politikarako proposamenak, EAE 2015 da lan horren izenburua.

Kulturearen eremuan partaidetzea, lankidetzea eta aholkularitzea bultzatzeko erakundea da Kulturearen Euskal Kontseilua. Bere egiteko nagusia Kultura Auzolanean Plana egokitu, garatu eta ebaluetea da. Kontseiluaren osoko batzordea 58 kidek osotuten dabe, batzuk erakunde publikoen ordezkari (Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak eta abar), beste batzuk eragile kulturalen ordezkari.

Osorik irakurri