Mundu osoan ezaguna dan Franco Cesarini zuzendari eta konposatzaile suitzarrak Bilboko Udal Musika Bandea aukeratu dau idatzi dauen lehenengo sinfonia, The Archangels, estreinetako. Hirzordua zezeilaren 7an, domekan, eguerdiko 12:00etan izango da, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan, Musika helvetiarra ezagutzen izenburuko kontzertuan. Cesarinik Bilbon eta Euskadi osoan zuzenduko dauen lehenengo aldia da, eta gure eszenatokietan egongo dan lehen aldi horretan benetako harribitxia erregalauko deutse ikus-entzuleei: The Archangels lanaren erabateko estreinaldia.
Franco Cesarini Udal Musika Bandearen 2015-2016 udagoien-neguko kontzertu denporaldiko konbidadu nagusietakoa da. Talde profesional horrek 120 urte bete zituan igaz, eta 45 kide baino gehiagok osotzen dabe. Denporaldi hau José Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularrak diseinautako lehenengoa da. Bazterrak ezagutzen bandeagaz izenburua daroan eta Euskalduna Jauregiko Auditorioan eskaintzen dan kontzertu zikloa igazko urriaren 12an hasi zan, eta datorren apirilaren 17an amaituko da.
Franco Cesarini 1961ean jaio zan Suitzako Bellinzona urian. Milango Giuseppe Verdi konserbatorioan hasi zan musikea ikasten, flauta eta pianoa hain zuzen be. Aurrerago, Basileako konserbatorioan jarraitu eban ikasten Peter-Lukas Graf irakasleagaz, harik eta 1981ean Suitzako bakarlaririk onenaren saria irabazi eban arte; lehen Saria irabazi eban Musika Interpretazinoko Nazino Lehiaketan. Peter-Lukas Grafegaz jarraitu eban ikasten kontzertistearen diplomea eskuratu arte. Aldi berean, teoria eta konposizino musikala ikasi eban Robert Suter eta Jacques Wildbergeregaz, eta banda-zuzendaritza Zuricheko konserbatorioan Felix Hauswirthegaz. Musika-banden barruko gaur eguneko musikagilerik eta moldatzailerik ospetsuenetakoa da; errepertorio zabala dauka bandetarako. Musika-sortzaile ez eze, Luganoko Banda Zibiko Filarmonikoaren zuzendaria be bada. Musikagile moldaerraza, bere katalogoan bandarako obrak zein orkestrako, ganberako, koruko eta flautako lanak be sartzen dira.
Cesarinik berak diseinau dau Bilboko ikus-entzuleen aurrean eskainiko dauen egitaraua. Kontzertuaren lehen partean, Emil Jacques Dalcrozeren Marche Vaudoise, Paul Huberren Fantasie über eine Appenzeller Volksweise, Arthur Honeggerren Marche sur la Bastille eta Cesarinik berak idatzitako Solemnnitas Op. 29. Bigarren partean, Bilboko Udal Musika Bandeak The Archangels eskainiko du, Franco Cesarinik idatzitako lehenengo sinfonia, eta bere 50. lana; Euskaldunako Auditoriotik mundu osora proiektauko dan estreinaldi handia.