Euskerearen Aholku Batzordea eratu dabe Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 4a, 00:00

Bilboko Udaleko ordezkariek eta kulturearen arloko hainbat ordezkarik osotuten dabe Euskerearen Aholku Batzordea. Ezagutzatik erabilerara pasau eta uriburuan euskerea indartzeko asmoz sortu dabe erakunde hori. Osoko bilkuren eta arlokako batzordeen bidez eztabaidarako eta aholkuak emoteko gune bihurtu nahi dabe.

Juan Mari Aburto alkatea izango da Euskerearen Aholku Batzordeko burua eta Koldo Narbaiza Euskera zinegotzia, buruordea. Eurakaz batera, Bilboko Udalean ordezkaritzea daukien talde politiko guztietako kide bana eta Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak egongo dira.

Gizarte eta kultura arloko zortzi ordezkari be eukiko ditu batzordeak: Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutia, Labayru Fundazinotik Jokin Gorozika, Athletic Club-eko Genar Andrinua, hedabideen izenean Bizkaia Irratiko Libe Agirre, Bilbao Dendak-eko Olatz Elgea, euskaltegietako Jon Maguregi eta Zenbat Gara alkarteko Xabier Monasterio. Ordezkari politikoak eta gizarte arloko eragileak kontuan hartuta, guztira 21 kide izango ditu Aholku Batzordeak.

Ezagutzatik erabilerarako bidea egin eta Bilbon euskerea normalizetako helburuagaz, alor ugaritan eragiteko asmoa dauka batzordeak. Euskeraz konsumidutea eta bizitea bermatzeko neurriak adostea eta euskaldunen komunidadea indartzea izango dira zereginetako bi, baita euskerea uritarrentzat erakargarriago bihurtzea be.

Gitxienez urtean bi aldiz batuko da Aholku Batzordearen osoko bilkurea. Era berean, arlo zehatzak lantzeko batzordeak sortuko ditue. Eusko Jaurlaritzearen Euskerea Sustatzeko Ekintza Planagaz bat jardungo dau Bilboko batzordeak.

Juan Mari Aburto alkateak Euskerearen Aholku Batzordea eratzeko batzarrean adierazo dauenez, asko aurreratu dau Bilbok euskerearen normalizazinoan, baina oraindino bide luzea dago egiteko. Gizarteko arloen arteko adostasuna, euskerearen aurrerabideari jagokonez, erabatekoa da, Aburtoren ustez, eta horren lekuko da batzorde sortu barria.

Osorik irakurri