Euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarriak aurkeztu ditue

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 4a, 00:00

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Euskerearen Aholku Batzordeko Euskara 21eko presidenteak eta Iñaki Martinez de Luna, soziolinguistea, Euskerearen Aholku Batzordeko Euskara 21eko eta EGOD, Euskerearen Ganeko Oinarrizko Diskursoen egitasmoko zuzendariak euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarrien aurkezpena egin dabe gaur goizean Donostian. Lan bi aurkeztu ditue:

- Patxi Baztarrikak, EGOD egitasmoak zehazten dituan diskurso desbardinen arteko alkargunea leitekeenaren eduki zehatzak argitu ditu. Izan be, EGOD egitasmoaren barruan, beste zenbait konturen artean, ikerketa ugari egin dira. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak, ikerketa horreei  esker lortutako informazinoa landuz, zoru komuna zehaztu dau.

- Iñaki  Martinez de Lunak, EGODen azken txostenaren emoitza nagusien laburpenaren barri emon dau. HPS-ek eskatuta, Iñaki Martinez de Lunak EGOD egitasmoa zuzendu eban.


Aurrekariak:

Zoru komun hori zehaztu baino lehenago, egitasmoak eginiko ibilbidea azaldu da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak legealdirako lan-programea aurkeztu eban legealdiaren hasieran. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendutako bat izan zan, euskal gizartean euskereari buruz dagozan diskursoen lanketea egitea, eta diskurso desbardinen arteko eztabaidea bultzatzea, ahalik eta parte-hartze zabalenagaz.

Euskerearen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak holan proponiduta, 2013-2014 aldirako lan programea onartu eban eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen be, holan zehaztuta onartu zan: euskerearen ganeko oinarrizko diskursoak aztertu, kontrastau, barritu eta bateratze bidean jartea. Eginkizun hori garatzearen ardurea Euskara 21 Batzorde-atalaren esku jarri zan.

Eginkizun hori aurrera eroateko Euskerearen Ganeko Oinarrizko Diskursoaren lanketea (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zan martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde-atalaren zuzendaria bera da, gaur prentsaurrekoan egon dan Iñaki Martínez de Luna. EGOD egitasmoak euskerearen ganeko oinarrizko diskursoak aztertu, kontrastatu, barritu eta bateratze bidean jartea dau helburu.

Kontuak kontu, bost multzo edo diskurso izentau dira: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.


Zoru Komuna:

EGOD egitasmoaren barruan egindako ikerketa horreetako informazinoa landuz, Hizkuntza Politikarako sailburordetzeak diskurso desbardinen arteko alkargunea izan leitekenaren edukiak zehaztu ditu eta horreek dira gaur goizean Baztarrikak azaldu dituanak. Alkargune hori izan daiteke, hain zuzen be, euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarria.

Aurretiaz aitatu diran bost diskursoak zenbait esaldiz (33 esaldi, danetara) osotuta dagoz eta esaldi bakotxak onarpen maila desbardina dauka. Alkargune edo zoru komun hori zehazteko, esaldi horreetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideatatik % 66,6tik gorako babesa dabenak hartu dira. Beraz, esaldiak aukeratzeko, ezinbestez, bi hereneko babesa izan behar dabe. Onartutakoak hogeita bat izan dira. Beraz, lan honi esker, zehaztuta geratu dira gitxienez gizarteko bi herenek ontzat emoten dituen ideak.

Gitxienez gizarteko bi herenek ontzat emoten dituen ideiak:

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak azaldu dauenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak badaki euskerea bizibarritzeko prozesuan eraginkorrak izateko, gauza asko behar doguzala, besteak beste, arau eta politika egokiak, plangintza egingarriak, bitartekoak, ezagutza zientifikoa edo lankidetza publiko-pribatua. Baina behar dogun horren guztiorren oinarri nagusiak bi dira: bata, herritarren atxikimendua (gogoa, nahia), eta, bestea, adostasun sozial eta politiko zabala; askotarikoen arteko adostasun sozial eta politiko zabala.  Badakigu, jakina, adostasuna ez dala nahikoa, baina hori bezain argi dakigu adostasuna ezinbestekoa dala aurrera egiteko.

Eta gehitu dau: Ondo dakigunez, euskereak aurrera pausu handia egin dau EAEn azken hiru hamarkadotan. Salto hori egiteko nahitaezkoa izan da adostasun sozial eta politiko zabala. Adostasun horren babes eta legitimazinorik barik ez genduzan euskerea bizibarritzeko eregi dogun corpus juridiko-normatiboa eregiko eta hainbat arlotan askoren artean garatu doguzan politikak garatuko. Adostasun sozial eta politiko hori jagon, eguneratu, elikatu eta indarbarritu egin behar da. Etenik bakoa da lan hori.
 

Osorik irakurri