Kontxu Odriozola aktorea hil da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 5a, 00:00

Goenkale telesaileko Maria Luisa personaiak euskal aktore ezagunenetako bat bihurtu eban, baina Kontxu Odriozola azpeitiarrak ibilbide luzea egin eban aktore lanean. Haren senideek jakin eragin dabenez, 70 urtegaz hil da Odriozola. Badirudi minbizia eukala.

Zineman, telebistan eta antzerkigintzan nabarmendu zan Kontxu Odriozola. Azpeitian jaio zan 1945ean eta 1994an Goenkalen sartu zanerako, beste telesail eta film batzuetan lan eginda egoan. Esate baterako, ETBn bertan, Bai horixe eta Flamingo berria telesailetako aktore nagusietako bat izan zan.

Euskerazko zinemagintzan leku nabarmena daukien film bitan parte hartu eban: Hamaseigarrenean aidanez, 1985ean Anjel Lertxundik zuzendu eban, Lertxundik berak idatzitako izen bereko nobelan oinarrituta. Kontxu Odriozolak Martzelinaren papela bete eban, protagonistearen emaztearena. Urteberri on amona filma barriagoa da, 2011koa. Telmo Esnalen pelikula horretan, amona Maritxuren papela egin eban aktore azpeitiarrak.

Goenkaleko Maria Luisa personaia telesaileko maitatuenetakoa izan zan publikoarentzat eta horrek oso ezagun bihurtu eban Odriozola. 1994an, lehenengo atalean, agertu zan Maria Luisa eta 2008ra arte personaia nagusietako bat izan zan. Urte haretan, personaia hil egin zan, Odriozolak Goenkale itxi nahi ebalako.

Antzerkian be lan egindakoa zan Odriozola eta 2008tik Euskal Aktoreen Batasunaren saria jaso eban. Azkenaldion, baina, makal ebilen osasunez, minbizia zala eta. Kulturearen alorreko eragile eta norbanako ugarik Odriozolaren lana goraipatu dabe heriotzearen barri ekuki dabenean eta oholtzatik kanpo be nortasun indartsukoa baina atsegina zala azpimarratu dabe askok. Aktore eta persona handia joan da, esan dau, adibidez, Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoilariak irrati publikoan.

Osorik irakurri