Hilaren 12an, barikua, hasiko da 2016ko Bilbao Distrito Jazz zikloa, Trio Miller-Mc Henry-Le Hir hirukoteak Errekalden emongo dauen kontzertuagaz. Bilboko Udalak aurreratu dauenez, zezeilean eta martian, guztira bost kontzertu izango dira, beste horrenbeste auzotan.
Bilbao Distrito Jazzen edizino honetan, askotariko eta kalidadezko programazinoa antolatu dabela dino Bilboko Udalak. Nazinoartean ospe handiko musikariak etorriko dira Bilboko auzoetara, jazzagaz lotutako doinuak eskaintzera.
Lehenengo emonaldian, Trio Miller-Mc Henry-Le Hir hirukotea izango da protagonista. Bill McHenry saxofoi joleak, RJ Miller bateriak eta Corentin Le Hir baxu joleak osotuten dabe talde hori. Estadu Batuetatik abiauta, mundu zabaleko proiektu musikaletan eskarmentua lortu dabe euren ibilbide luzean. Errekalde auzoko udaltegian izango da kontzertua, barikuan, iluntzeko 19:30ean. Doban da sartzea, leku guztiak bete arte.
Ganerako kontzertuak be dobakoak izango dira. Hilaren 19an, Begoñako udaltegian, Ernesto Aurillac-ek zuzendutako boskoteak joko dau. Zezeilaren 26an, Bidebarrietako liburutegian, Jose Luis Canal Trio egongo da. Martian beste kontzertu bi egongo dira: Albert Sanz eta Mediterranies Trio batetik (hilaren 4an Deustuko udaltegian) eta Horacio Fumero Trio bestetik, 11n, Otxarkoagako udaltegian. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira.
Bilbao Distrito Jazz-en kontura, Bilboko Udal Liburutegien Sareak gogora ekarri dau jazzagaz lotutako bilduma handia daukala, zale eta adituen eskura. Liburuak zein grabazinoak topau leitekez uriko liburutegi publikoetan eta horren ganeko iradokizunak egin leikiez erabiltzaileek. Informazino guztia, hemen.