Datorren barikuan, zezeilaren 12an, hautespen naturalaren araberako eboluzinoaren ganeko teoriaren egile Charles Darwinen jaiotzearen 207. urteurrena beteko dala gogoan hartuta, Bilboko Udalak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedreak eta Círculo Escéptico alkarteak Darwinen Eguna antolatuko dabe, dibulgazino zientifikorako programea.
Hitzordua Bidebarrieta Liburutegian izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera; Carmen Manzanok, EHUko Antropologia irakasleak, eta Diego Garatek, Bizkaiko Arkeologi Museoko arkeologoak, berbaldi bana emongo ditue eta ondoren mahai-inguru bat izango da. Berbaldiak dobakoak izango dira.
Bizkaiko Arkeologi Museoko arkeologoak emongo dauen berbaldiaren izenburua Los primeros artistas: rastreando los orígenes de la expresión simbólica izango da eta gizakiok sormenerako dogun gaitasunari buruzkoa da, izan be, sormen hori helburu estetikoakaz eta ideak adierazoteko erabilten dogu.
Beste alde batetik, EHUko Antropologia irakasleak El género homo: lo que no sabemos y lo que creemos que sabemos izeneko berbaldia emongo deutse hurreratzen diranei. Bertan azalduko ditu zeintzuk diran antropologiak datozen urteotan erantzun beharko dituan galdera nagusiak, esaterako zein izan zan homo generoaren aurreko espeziea edo noiz agertu ziran homo sapiensaren ezaugarri nagusiak (bipedalismoa eta entzefaloaren hazkuntzea).
Sarrerea dobakoa izango da aretoa bete arte eta berbaldiak streaming bidez be jarraitu ahal izango dira webgune honetan: www.kulturguneatb.net.
Darwinen Eguna
2007an hasita, Darwinen Eguna Bizkaiko uriburuan ospatzen da, zientziaren eta dibulgazinoaren figura ospetsuen eskutik ikerketa zientifikoaren eta antropologikoaren gai interesgarriak lantzeko. Ezinbesteko hitzordua da zientzia eta, oro har, kulturea gustoko dabenentzat. Bilboko Udalak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedreak eta Círculo Escéptico alkarteak antolatzen dabe eta El Correok, CIC bioGUNEk, Biofisika Bizkaia Fundazinoak eta EHUren Espazio Gelak babesa emon dabe.