Bizkaiko Foru Aldundiak 400.000 euro banatuko ditu euskerazko aldizkariak bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 9a, 00:00

Lekuan lekuko informazinoa emoten daben euskera hutsezko agerkariak babesteko onartu dau Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntzinoen programea. Euskerea esparru guztietara zabaltzeko sektore estrategikoa da aldizkariena Aldundiaren ustez, herritarrakana heltzeko bide zuzena dira eta. Guztira 400.000 euro banatuko dira 2016an.

Laguntzino ekonomikoa eskatzen daben aldizkariak euskera hutsezkoak izan beharko dira eta ezin izango dira beste argitalpen handiago baten gehigarri izan. Era berean, sexuen arteko bardintasuna errespetetan ez daben argitalpenak baztertu egingo ditue. Argitalpen tekniko edo espezializaduak eta erakundeen boletin erara funtzionetan dabenak be deialditik kanpo geratuko dira.

Herri edo eskualde bateko zein lurralde zabalago bateko barriak zabaltzen dituen aldizkariek eskatu ahal izango dabe laguntzinoa, Foru Aldundiak azaldu dabenez. Merkataritza soziedadeek, kooperatibek, irabazi asmo bako elkarteek eta norbanako profesionalek parte hartu leikee deialdian. Irabazi asmorik bako alkarteen artean 290.000 euro banatzea da asmoa eta ganerakoa, 400.000ra heldu arte, enpresa pribadu eta norbanakoen artean.

Deialdiaren helburua euskerearen erabilerea bultzatzea eta ahalik eta arlo gehienetara zabaltzea da, euskerea normalizetako bidean. Deialdia foru dekretu bidez Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen danean, egun horren biharamunean hamar eguneko epea zabalduko da eskariak egiteko.

Osorik irakurri