Airakurri izeneko kanpainea jarri dau bigarrenez martxan Euskal Editoreen Alkarteak, gaztetxuen artean irakurzaletasuna piztu eta indartzeko asmoagaz; helburua da ikastetxe guztietako DBH 2. mailan dagozan neska-mutikoek liburuak irakurri eta iruzkinak idaztea irakurketa horreei buruz. Komentarioak webgune batera bialdu beharko dira zezeilean eta martian zehar, epaimahai batek onena aukeratuko dau gero, eta horrek saria irabaziko dau.
Edozein libururen kritikea eta komentarioa egin leikie gaztetxuek, izan daiteke ikasgelan lantzen dagozan bat, izan daiteke norberak aukeratutakoa.
Euskal Editoreen Alkarteko Jexuxmari Mujika lehendakariak eta Ana Urrestarazu kudeatzaileak emon dabe ekimenaren barri hedabideen aurrean; hau, azken batean, kritika-lehiaketa bat da, argitu dabe. Eta hartu-emonetan jarri dira Euskal Herri osoko ikastetxeakaz, parte hartu deien. Lanak apirilaren 12a baino lehen bialdu behar dira, eta Liburuaren Nazinoarteko Egunean, apirilaren 23an, izentauko da irabazlea.
Iruzkinik landu eta arrazoituenari, edo, akaso, motibatzaileenari eskainiko jako saria. Ez dogu balorazino erispide finkorik, eretxi guztiak irakurri eta gure aditu-taldeak aukeratuko dau (eztabaida sutsuan, seguru) irabazlea.
Parte-hartzaile bakar bati emongo jako saria, liburu multzo bat eta tableta jasoko ditu. Irabazlearen ikastetxeak be saria izango dau –beste liburu multzo bat– kritikari lan horretan laguntzeagaitik.
Euskal Herriko belaunaldi barrietako ume eta nerabeak gure eta euren hizkuntzearen jaube egin daitezan nahi dogu, ‘jaube’ berbearen esangura osoagaz, adierazo dau Mujikak. Euskerea eskolako eta ikaslanetako tresna huts baino gehiago izan daiten; euskeraz biziteko subertea izan deien, euskereagaz gozetan asmau deien, danok alkarregaz lan egin beharra dago, ez da lan erraza gure herriko zenbait girotan, eta, jakina, egiteko hori ez da eskolearena bakarrik, gaineratu dau lehendakariak.