Zezeilaren 22tik 29ra egingo da Zinegoak, LGTB zinemearen Bilboko jaialdia, baina aurretik be ekitaldi piloa egongo dira. Zinemaldiagaz batera, argazki erakusketak kontzertuak eta familientzako jarduerak antolatu ditue, programazinoa herritar guztiei zabaltzeko asmoz. Jaialdia amaitu eta gero, 27 herritan proiektauko ditue filmak, Zinegoak hedapena programeari esker.
Gure helburua beti izan da gizartean dagoan aniztasuna erakustea, azaldu dau Karmele Merino Zinegoakeko antolatzaileak. Horregaz lotuta, kalera urtengo dabe eta LGTB errealidadeei buruzko jarduerak egongo dira Bilbon jaialdia hasi baino lehen. Hiru eguneko programazinoa antolatu dogu jaialdiaren aurreko asteburuan eta ekintza gehienak dobakoak izango dira.
3, 2, 1 Zinegoak izeneko programazino berezi horregaz, jaialdirako girotze lana egiteaz gan, publiko barriakana heldu nahi dabe. Izan be, antolatzaileek nabarmendu dabe Zinegoak ez dala LGTB publikoarentzat sortutako ekimena, gizarte osoari zuzendutakoa baino.
Sexu aniztasunaz hausnarketea egiteko espazio barriak topatu nahi doguz, dino Merinok. Holan, zezeilaren 18an, eguena, Euskal Museoan egongo dira. Berdindu erakundeagaz batera, LGTB mobimentuaren dokumentazino artxiboa aurkeztuko dabe. Barikuan, hilak 19, Mario de la Torreren Hacia una primavera rosa dokumentala estreinauko da Uribitarteko Dock gunean eta ondoren mahai ingurua egingo dabe.
Hilaren 20an, zapatua, Pikara Magazinegaz batera antolatutako bilgunea egingo dabe Bilborocken. Transfeminismoa eta trans nortasuna aztertuko ditue. Horren ostean, Viruta FTM-ren kontzertua egongo da. Egitaraua biribiltzeko, domekan, hilak 21, Go Fish filma emongo dabe eta egileagaz, Rose Troche-gaz, berba egiteko aukerea egongo da. Zinegoaken Ohorezko Saria emongo deutsie aurten Trocheri.
Horrezaz gan, zezeilaren 16an argazki erakusketea ipiniko dabe Zazpi Kaleetako, San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko kaleetan. Amnesty International erakundeagaz alkarlanean antolatutako erakusketa horretan, lesbiana, gay eta transexualek Afrikan bizi daben egoerea agiri da. Kalera urtengo dogu, jentearen bila joango gara, agindu dau Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak. Azkuna Zentroan familientzako jarduerak egongo dirala gogoratu eragin dau.
Bilbon gauzak egiten dabilzan sortzaile eta eragileakaz berba egin nahi dogu, alkarlana sortu nahi dogu jaialdia leku gehiagotara heldu daiten eta publiko barriak topetako, dino Guillenek.
Beraz, aurretik ekitaldi ugari egingo ditu Zinegoakek, baina zezeilaren 22tik 29ra zinemea eta arte eszenikoak izango dira ardatza. Ohiko moduan, sail ofizialean lehiatuko dira LGTB gaietako film nabarmenenetako batzuk eta lehiaketaz kanpoko sail ugari egongo dira. Dokumentalen arloan, aurten begiradak kontzeptuaren bidez sailkatuko ditue filmak: Euskal autoreen begiradea, emakumeena, Europako jokerak eta abar. Orain arte erabili daben sailkapena baztertu dabe, etiketak sortzen zitualakoan.
Zinegoak Off saila asko hazi dala nabarmendu dau Pau Guillenek. Ohikoak baino film esperimentalagoak, alternatiboagoak batzen ditue atal horretan. Gero eta eskaintza handiagoa daukienez, aurten proiekzinoetarako beste espazio bat gehituko jake orain arteko ohiko lekuei, Bilbao Arte hain zuzen.
Rose Trocheri emon beharreko Ohorezko Sariagaz be pozik agertu da Guillen: Gatxa da lesbianea dala autortu dauen emakume bat topetea, Rose Trocheren ibilbidea daukana. Produkzinoaren arloan errekonozimendu handia eskuratu dau eta Estadu Batuetako industria indartsuan lekua egitea lortu dau.
Hilaren 29an amaituko da aurtengo Zinegoak, baina hortik aurrera be ez dira geldi egongo, Karmele Merinok ohartarazo dauenez: Zinegoak amaitu eta berehala, maletak hartu eta herririk herri ibiliko gara. Aurten, Zinegoak hedapena programeari esker, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 27 herritan ibiliko dira, Bilboko jaialdian emondako film batzuk proiektetan.
Aniztasuna zabaltzea garrantzitsua da, baina herri askotan gatxa da LGTB gaietako filmak zineman ikustea, dino Merinok. Guk pack moduko bat egiten dogu, film batzukaz, eta udalei eskaintzen deutsegu, ganeratu dau Guillenek. Aurtengo erantzuna inozko onena izan da udalen partetik. Aurtengoa 13. ekitaldia izango dau Zinegoakek eta Pau Guillenek finkatuta ikusten dau hitzordua: Erreferente gara Europan, lasai esan geinke hori 13 edizino eta gero.
Programazino ofizial guztia, hemen.
Aurretik egingo diran ekintzak, hemen.