Erakusle kopurua sekula baino handiagoa izango da Berdeago azokearen aurtengo edizinoan

Laugarrenez egingo da, zezeilaren 19tik 21era, Berdeago azokea, Durangoko Landako gunean. Aurten, 73 erakusle batuko dira Euskal Ingurugiro eta Iraunkortasun Azokan, sekula baino gehiago. Egitarauari jagokonez, barrikuntzetako bat Film Berdea Gunea izango da, ingurugiroagaz eta iraunkortasunagaz loturea daukien filmentzako espazioa.

Herritarren artean ingurugiroaren aldeko kontzientzia sortzeko eta iraunkortasunaren arloan merkaduan dagozan aukerak erakusteko helburuagaz egiten da urtero Berdeago azokea Durangon. Inaugurazino ekitaldia hilaren 19an, barikua, izango da. Egun horretan bertan, ikastetxeei zuzendutako bisita gidatuak egingo ditue.

Hilaren 21era bitartean, jarduera ugari egingo dira Berdeagoren barruan. Lau edizinoetan eskainitako egitaraurik zabalena dakar aurtengoak: 21 hizlari, bost ekintza didaktiko, bost proiekzino eta ikastaro bat antolatu ditue.

Azokan egongo diran erakusleen kopuruagaz be errekorra gainditu dau azokeak. Aurten 73 erakusle egongo dira euren produktu eta zerbitzuak erakusten, igaz baino 17 gehiago eta lehenengo edizinoaren bikotxa. Konsumoan dagozan alternatibak ezagutu, bioeraikuntzaren eta lohien tratamenduan dagozan barrikuntzen barri jaso eta etorkizunean ingurumenak ekarriko dituan erronkez gehiago jakiteko gune aproposa izango da Landako Gunea.

Hainbat gunetan banatuko dabe azokea. Filmak eskaintzeko Film Berdea Gunea izango da nobedadea eta Plateruena Kafe Antzokian ipiniko dabe. Aurreko urteetan egon diran guneak be ez dira faltauko: Hitz Berdea, berbaldietarako, eta Zirkulu Berdea, ikastaroetarako zein alkar ezagutzeko.

Berdeago azokeak Durangoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesa dauka eta enpresa pribadu ugarik be laguntzen deutsie. Erakusmahaia ipiniko daben enpresen zerrendea hemen dago, eta egitaraua, hemen.

Osorik irakurri