Euskerearen erabilerea areagotzeko eta sendotzeko hiztegi barriak aurkeztu ditue

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 11a, 00:00

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak euskerearen erabilerea areagotzeko eta sendotzeko hiztegi barriak aurkeztu ditu gaur goizean Donostian. Ekitaldian, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaz gan, Jokin Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Xabier Legarretak, Kontsumobideko zuzendariak, Xabier Balerdik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkariak, Iñaki Laskurainek, Euskadiko Errugbi Federazinoko lehendakariak, Olatz Osak, Elkar Argitaletxeko zuzendariak, Josu Aztiriak, Elhuyar Fundazinoko ordezkariak, Eneko Oregik, IVAPeko Euskera zuzendariordeak eta Araceli Díaz de Lezanak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzearen Hizkuntza Plangintzako arduradunak, parte hartu dabe.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eginkizun nagusietako bat da euskerearen erabilerea areagotzeko neurri eta ekimenak martxan jartea. Hizkuntzearen erabilerea handitzeko bide horretan, erreminta parebakoak dira Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKTak).

Gaur goizean aurkeztu dituen hiztegi barriak Eusko Jaurlaritzearen Euskeraren Agenda Estrategikoan (2013-2016) aurreikusitako konpromiso bati erantzutera datoz. Izan be, Euskerearen Agenda Estrategikoan 13 lan-ildo eta 168 ekintza zehaztu ziran. 13 lan ildo horreetako bat zuzen zuzenean lotuta dago IKTakaz. 168 ekintza horreetako batek, 3.11 atalean, honako hau dakar: Hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzeari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jarten jarraitzea.


Hiztegi barriak

Aurkeztutako hiztegi guztiak on line konsultau daitekez hemen.  

Bi hiztegi elebidun aurkeztu dira:

- Lehenengoa, Elhuyar hiztegiaren on line bersino eguneratua izan da. Hiztegi hau 2000. urtetik konsultau daiteke Euskara webgunean.

- Bigarrena, alemana-euskera/euskera-alemana hiztegia izan da. Elkar Argitaletxeak papelezko formatuan kaleratu eban 2006. urtean. Gaurtik aurrera, ostera, on line dago konsultagai.

Bi hiztegi orokor horreez gan, Euskerearen Aholku Batzordearen barruan dagoan Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu barriak aurkeztu ditue (martxan jarri zanetik, hau da 2002tik, Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu). Ondokoak dira sei hiztegi terminologikoak, arloka sailkatuta:

- Hizkuntza-paisaian, Merkataritza eta Konsumoaren arloan:

o Merkataritza eta Marketina Hiztegia.
o Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia.

- Kirolaren arloan:

o Errugbi Hiztegia.
o Mendizaletasuna Hiztegia.

- Herri-administrazinoa eta Zuzenbide arloan:

o Herri-ogasuna Hiztegia.
o Prozedura Kriminala Hiztegia.

Aurkezpenean, hiztegi terminologiko horreek erabiliko dituen erabiltzaileen ordezkari adituek parte hartu dabe eta, bakotxaren alorrean, terminologia berezitu hori euskeraz normalizatua izateak dauen garrantzia azpimarratu dabe.

Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat be aurkeztu dabe: Hizketa-ereduak/Modelos de conversación. Lan horrek hainbat egoeratarako alkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskeratik nahiz gaztelaniatik konsultau daiteke. Argitalpen hori oso erabilgarria izango da euskerea ikasten dagozanentzako.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazo dau: Hemen aurkeztu deutsueguzan tresna honeek Eusko Jaurlaritzearen Euskerearen Agenda Estrategikoan berbaz berba aurreikusitako konpromiso bat betetera datoz. Hain zuzen, Euskararen Agenda Estrategikoan jasoten dira, Eusko Jaurlaritzeak 2013-2016 aldirako, euskerea bizibarritzearen alde aurrera eroan behar dituan ekintzak eta jarduera nagusiak. Eta gehitu dau: Euskerearen Agenda Estrategikoak  (2013 – 2016) dauen izenburua oso esanguratsua da: 'Euskerea, bizikidetzarako hizkuntza bizia'. Bizikidetzea  dogu  helburu. Eta euskerea, ez edonolako hizkuntzea izatea, hizkuntza bizia izatea baino. Komunikazino-hizkuntza ohikoa izatea da euskerearentzako bilatzen dogun etorkizuna. Komunikazinorako erabilia izatea da hizkuntza bizia izateko ezinbesteko baldintzea. Dagoeneko ondo dakigunez, hiztun izateko, hizkuntza bat erabilteko, ez da nahikoa nahi izatea; gainera, besteak beste beharrezkoa da, hiztuna hizkuntza horregaz komunikazinorako eroso sentidutea. Adierazo nahi dan guztia adierazoteko berbak eta termino egokiak eskura izatea. Horretarako lagungarri dira gaur hemen aurkeztu doguzan bederatzi produktuak.

Josu Aztiriak Elhuyar fundazinoaren izenean berba egin dau: Elhuyar hiztegia erabilten daben erabiltzaileen % 98k erantzun egokia topetan dau gure hiztegian.

Olatz Osak, Elkar Argitaletxeko zuzendariak, esan dau: Gure helburua da, zubi hizkuntzarik erabili barik, erabiltzaileak zuzenean euskeratik alemanierara edota alemanieratik euskerara jardun ahal izatea.

Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak esan dau: Seguru nago hiztegi hau konsumo hartu-emonetan gabizen konsumitzaile, saltoki eta enpresen oinarrizko hizkuntza preminak asetzeko baliogarria izango dala.

Iñaki Laskurainek esan dau: Guretzako hiztegi hau oso inportantea da. Orain errazago egingo jaku euskerea erakustea.

Justizia Saileko ordezkari Xabier Balerdik esan dau: Lan honek esteka hutsetatik harago joan behar dau. Epaitegietara joaten garenean, lurrera bajatzen garenean, oso gitxi erabilten doguz. Etekina atera behar deutsagu lan honi eta egiten doguzan beste askori.

Osorik irakurri