Talentu lehiaketea eta tailerrak, Bilboko Udalaren eta Topagunearen Harrapazank zirkuituan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 15a, 00:00

Urtero legez, aurten be, Bilboko gazteen artean sormena eta euskerearen erabilerea bultzatzeko jarduera ugari dakarz Harrapazank programeak. Bilboko Udalak eta Euskalzaleen Topaguneak antolatutako zirkuituan, tailer ugari eta talentu lehiaketea dagoz, 9 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat. Lehiaketan 260 gaztek emon dabe izena.

Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zinegotziak azaldu dauenez, modu erakargarri eta barritzailean euskerearen erabilerea bultzatu nahi dogu gazteen artean. Urterik urtera gero eta neska-mutil gehiagok parte hartzen dabela azpimarratu dau.

Zati handi bitan banatzen da Harrapazanken programazinoa: Sortuzank izenburupean, tailerrak dagoz eta Harrapazank Eszena, ostera, lehiaketea da. Orain arte, batez be jantza lehiaketea izan da, baina aurten aldaketea dago eta musikea edo kantua lantzen daben talde askok emon dabe izena, azaldu dau Itxaso Paia Harrapazankeko arduradunak. Ganera, antzerkia, magia, performanceak eta abar be ikusi ahal izango dira.

Talentuen lehiaketan 260 gaztek emon dabe izena: 166 junior atalean lehiatuko dira (9-13 urte bitartean) eta beste 94rak senior arloan (18 urtera arte). Danen artean 89 talde osotu ditue. Irakasle profesionalek gidatutako entseguetan parte hartuko dabe talde guztiek, lehiaketara ahalik eta prestatuen heltzeko.

Epaimahai batek, kastinetan ikuskizun guztiak balorau eta finalistak izentauko ditu. Halandabe, finalerako txartelik eskuratzen ez dabenek be onurea eukiko dabe, sakontze tailerrak egongo diralako eurentzat. Ez dogu nahi irabazleen eta ganerakoen arteko bereizketarik, azaldu dau Paiak.

Asteon hasiko dira entseguak, kastinak martian izango dira eta finalak apirilaren 16an (seniorrak) eta 17an (juniorrak) izango dira, Bilborock aretoan. Kategoria bakotxeko irabazleek 500 euro lortuko ditue. Ganera, finalistentzat master-class bereziak antolatuko ditue, finala ondo preparetako.

Beste alde batetik, Sortuzank atalean, 11 eta 18 urte bitarteko gazteentzako hamar tailer eskainiko dira. Era askotako gaiak landuko ditue: Grafitiak, DJ musikea, bitxigintzea, smartphone bidez bideoak sortzea eta abar. Aurtengo nobedadeak bertso-rap eta zirku tailerrak izango dira. Bilboko hainbat gunetan emongo dira tailerrak. Tailerren egutegia, hemen.

Zirku tailerra gidatzen ibiliko da Imanol Suso gaztea. Berak bi bider irabazi dau Harrapazank talentu lehieketea eta, oraingoan, beste batzuei bere irakaspenak emoteko deitu deutsie. Susok dino 12 urtegaz ezagutu ebala Harrapazank (orain 18 daukaz) eta esperientzia ikaragarria izan zala. Norberak sortutako ikuskizun bat jentearen aurrean erakutsi ahal izatea ederra da.

Eskaintzea osotuteko, Bilrobot izeneko ekimen pilotua martxan ipini dabe aurten Harrapazanken barruan, 8 eta 10 urte bitartekoentzat. Robotikeari eta teknologia barriei buruzko hiru tailer dira: Robota egiteko tailerra, esperimentu zientifikoena eta bideojokoen diseinua izango dira. Frogea egingo dabe eta, ondo urten ezkero, datozan urteetan plaza gehiago eskainiko ditue.

Ganera, playback erako bideoklipa egingo dabe Bilboko gazteakaz. Enkore musika-taldeko Xabi Hooren parte-hartzeagaz, Elkarrekin beti izeneko abestia sortu dabe. Nahi daben gazte guztiek euren playbacka bialdu leikee eta jasotako grabazino guztiakaz bideoklipa egingo dabe. Argibide gehiago hemen.

Osorik irakurri