Adolfo Guiard bilbotarraren (1860-1916) 'Bakioko baserritarra' lana Bilbon ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 15a, 00:00

Banco Santander Fundazinoak babesten dauen Obra Gonbidatua programearen 52. deialdiak Adolfo Guiard (1860-1916) artista bilbotarraren margolan bitxi bat dakar Bilbora, Bakioko baserritarra (1888), hain zuzen be, mihise gainean egindako 127 x 76,2 zm-ko olioa, Kaliforniako (AEB) bilduma partikular batetik datorrena. Lau hau maiatzaren 30era arte egongo da Bilboko Arte Eder Museoan Ikusgai.

Gazterik hasi eban Adolfo Guiardek bere prestakuntza artistikoa. Bilbon, lehenengo, Antonio María Lecuona margolari kostunbristeagaz, eta Bartzelonan, gero, Ramon Martí i Alsinagaz. 1878an Parisera joan zan ikasketak osotzera. Frantziako uriburuko barrikuntza artistiko guztiak bertatik bertara ezagutu zituan bere belaunaldiko lehen euskal pintorea izan zan Guiard. Bertan ezagutu zituan Edgar Degas pintorea eta Émile Zola eta Alphonse Daudet idazleak, eta horreen eskutik sartu zan Frantziako zirkulu artistikoetan; bertan, Édouard Manet, Claude Monet edota Pierre Puvis de Chavannesegaz be izan zituan hartu-emonak.

Urte horreetan, Guiardek alde batera itxi eban, apurka-apurka, bere hasierako lanetan oso agirikoa zan ukitu akademikoa, plein air pinturearen berezko lengoaia barria barruratzen eban neurrian. Esangura horretan, Degasengandik jasotako espiritu inpresionistea ez da hain argi islatzen Guiarden obran. Irudi delikatuak erabilten ditu lehen planoetan, eta pintzelkada egin bakoak azkenetan. Paletako kolore argiak erabilten ditu, tonu biziakaz, gehienbat. Gaiari jagokonez, Bizkaiko baserri-giroa eta bertako paisajea, biztanleak eta ohiturak dira egilearen gai gogokoenak.

1885ean edo 1886an Bilbora bueltau zan, eta estudio bat jarri eban, pintura-eskolak emoteko. Ordutik aurrera, modernidadearen erreferente bilakatu zan garaiko artista gazteentzat, bai eta uriko bizimodu kulturalaren protagonista garrantzitsu bere. Darío de Regoyosegaz batera, euskal pintura modernoa abiarazo eban, eta inpresionismoaren erispide estetikoak txertatu zituan espainiar pinturan.

1887an, enkargu garrantzitsu bat egin eutson Sociedad Bilbaína alkarteak, euren lokaletan jarteko hiru mihise pintetako. Sasoi horretan, natureagaz lotura zuzena bilatu guran, Bakiora joan zan bizitera. Bi urte geroago, Aldundiak eskatuta, garden bat egin eban, Bilboko Plaza Barria apaintzeko.

1890ean, ibilbide artistikoa guztiz finkatuta, Muruetara joan zan bizitera, eta hamarkada horren azken aldera, barriz, Arteara, Anselmo Guineagaz batera. Sasoi haretan hasi zan Darío de Regoyosegaz hartu-emonetan, gutun bidez lehenengo, eta aurrez aurre, ondoren. 1900. urtean beste enkargu garrantzitsu bat jaso eban: Gernikako Batzar Etxeko beirategietarako zirriborroak egitea. Hiru urte geroago, 1903an, Bilbora joan zan barriro be, eta bertan bizi izan zan, hil arte.

Bilboko Arte Eder Museoak Adolfo Guiardi buruzko bilduma bat dauka, haren lan esanguratsuakaz. Euren artean, adierazgarrienak honakoak dira: Txo (1887), Promesa (1894), eta, batez be, Krabelin gorridun baserritar gaztea (1903). Bilduma horretan, bederatzi pintura eta papel gaineko hamahiru obra dagoz, teknika desbardinakaz egindakoak: zezenketa-kartel bat, euskal kartelgintzako zaharrentzat hartutakoa; akuarelak, luma-muturrak, tintak, arkatzak eta pastela.

 
Bakioko baserritarra (1888)

Interes artistikoagaitik ez eze, bestelako kontuakaitik be ezaguna egin zan Bakioko baserritarra lana Guiarden ibilbidean; izan be, sasoiko prentsan eztabaida bizia piztu zan, lanaren aurkezpena Bilboko Posta kaleko establezimendu batean egin zalako. Holan jaso eban Javier González de Durana arte historiagileak pintoreari buruz idatzi eban monografian. Monografia horretan esaten danaren arabera, Nicolás Viar idazle kostunbristeak 1888an artelana goraipatuz argitaratutakoari erantzunez, handik lau egunera Antonio Trueba olerkariak idazki gordin bat egin eban, obrearen estilo inpresionistea kritikatuz. Polemika urrunago joan zan eta, azkenean, Miguel de Unamunok berak be parte hartu eban. Inork be ez eban zalantzan jarri Guiarden maisutasuna; halan da be, kolore gozo eta harmoniatsuen erabilereak eta efektu atmosferiko handiak eztabaidea sorrarazo eben kritikarien eta zaleen artean.

Juan de la Encina arte-kritikariak ondokoa adierazo eban, 1921ean, margolan honen garrantziaz: Ramón de la Sotaren jaubetzako 'Bakioko baserritarra' horrek –egilearen garapen artistikoan erabat garrantzitsua, egilearen ibilbide guztian aire librea agertzen dan lehenenengo aldia baita–, lanaldian deskantsu txiki bat hartu dauen baserritar horrek, arpegiera horren zorrotzagaz, jauntasunaren holako inpresino mantsoa ixten dau gugan.

Kontua da ze, Bakioko baserritarra (1888), Uzta-garaia (1892) -museoan 1999an gordailatu zana, Bilboko bilduma partikular baten eskariz– eta Promesa (1894) museoak 2008an erositakoa– Ramón de la Sota ontzi-jaube ospetsuarenak izan zirala. Uzta-garaia margolanean, Gernikako itsasadarreko paduretan lanean dabilen lagun-talde bat agertzen da. Promesa obran, bestalde, bidean geldialdia egin daben hiru baserritar agiri dira. Horreen aurrealdean, otzara bat dago, eta, otzarearen barruan, hiletetan erabilten ziran bi argimutil eta oihal zuria. Hiru lan horreek ezin hobeto laburbatzen ditue Guiarden estiloaren ezaugarriak, marrazketa bikaina eta gris edota urdinak gailentzen diran paletea, efektu atmosferiko sendoa sortzen daben tonu samurrak erabiliz.

Azken buruan, hiru lan horreek 1947ko maiatza eta zemendia bitartean zaharbarritu zituan, Parisen, Julián de Tellaeche pintoreak.

Osorik irakurri