Euskal kostaldeko altxorrak lelopean, makina bat ekintza egongo dira Gipuzkoa eta Bizkaiko 32 museo eta gune kulturaletan. 150 jarduerako egitarauaren bidez, Euskal Kostaldeko Museoen Sareak bertoko ondare kulturala zabaldu nahi dau herritarren eta turisten artean. Dobako txartela be sortu dau erakunde horrek, deskontuak eta abantailak emoten dituana.
Museoen Sarea orain dala lau urte sortu zan, 2012an, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean edo hortik hurre dagozan museo eta gune kulturalak batzeko. Gaur egun, 41 kide daukaz alkarteak. Urtero preparetan dabe jarduera berezien egitaraua, baina aurreko urteetan asteburu bakarrera mugatu dan bitartean, aurtengoan hilabete osokoa izango da, martian hain zuzen.
Familientzako tailerrak, umeentzako jokuak, bisitaldi gidatuak, dastaketa gastronomikoak, ibilbideak, zuzeneko ikuskizunak eta abar egongo dira eta leku batzuetan doban sartzeko aukerea be emongo dabe. Guztira, 150 proposamen, 32 museo eta gunetan. Askotariko publikoa erakarri nahi dogu, azaldu dau Oihana Lekuona Museoen Sareko ordezkariak, jarduera batzuk ordutegi edo egun bat baino gehiagotan ipini doguz, era askotako jenteak aukerea izan daian gure eskaintzea ezagutzeko.
Izan be, horixe da programearen helburu nagusia, ondare kultural eta naturala erakustea, inguruko herritarrek eta kanpotik datozan bisitariek horren barri euki daien. Batez be, itsasoko ondarea nabarmendu nahi dabe. Jarduera gehienak doban izango dira eta ganerakoek prezio bereziak izango ditue, ziurtau dau Lekuonak.
Informazino gehiago, interneten ez eze, Gipuzkoa eta Bizkaiko herrietako turismo bulegoetan emoten dabe. Era berean, Euskal Kostaldeko Museoen Sareko txartela lortu leitekela gogoratu eragin dabe: Deskontu bereziak eskaintzen ditu txartelak sareko museoetan sartzeko edo ekintza batzuetan parte hartzeko. Dobakoa da eta sareko edozein zentrotan aktibau leiteke.
Euskal Kostaldeko Museoen Hilabeteko egitarau osoa, hemen.