Patxi Saez soziolinguista eta Azpeitiko Udaleko Euskera Patronatuko arduradunak Euskaltzaindiaren jardunaldian parte hartu eban barikuan. Bertan, euskerearen geroaz gogoetea egin eben aditu ugarik eta datozan urteetarako paradigma barriaren beharra azpimarratu eben, hizkuntzearen etorkizuna ziurtetako. Jardunaldian berak esandakoak laburbatzen dituan artikulua bialdu deutso Saezek Bizkaie!-ri:
Euskerea, beharra da gakoa
Hizkuntzak gizakiak komunikazinorako asmau dituan tresnak dira. Gizateriaren historiaren sokan bizirik iraun daben hizkuntzak hiztunen komunikazino beharretara egokitu izan dira, komunikazinoa izan dabe molde eta moldatzaile. Eta komunikazino premina horreetara moldatu eta egokitzetik etorri jake hizkuntzei etenbako aldaketea. Eta etenbako egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta modernizazinoa, baita euskerearena be.
Hizkuntza gitxituak, ostera, bere hiztunen komunikazino behar guztiak beteten ez dituen hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek, menperatzaileak, hareen komunikazino-esparru eta funtzinoak bereganatu ditualako. Hizkuntza gitxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menperatzaileak bere komunikazino-eremu eta funtzino guztiak bereganatuta dituanean eta hizkuntza gitxituak bere hiztunen komunikazino-beharretarako inongo baliorik ez dauenean. Gurean, euskerea dogu hizkuntza gitxitua.
Hizkuntzea, gure kasuan euskerea, komunikazino tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikazinorako, zein mailatan, zein gradutan dan beharrezko, erabilerea horren araberakoa izango da (baita ezagutzea be). Euskerea, komunikazinorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dana, besterako be bada: zenbat eta komunikazinorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago.
Argi eta garbi mintza gaitezan: beharrezkoa ez dana desagertu egiten da. Darwinek be holan frogatuta itxi euskun hautespen naturalaren teoriagaz. Gaur egun, non da beharrezko euskerea? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskerea bigarren mailako hizkuntzea dogu. Euskaldunak askotan behartuta gagoz, ezinbestean, gurea ez dan hizkuntzea erabili behar izatera lagun urkoagaz komunikau ahal izateko.
Euskerearen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badogu, euskerea gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badogu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badogu, azken baten, euskerea gizartearen ardatzean jarri nahi badogu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskereak garrantzi handiagoa irabazi behar dau eta hori bide bakar batetik lortuko dogu: euskerea Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikazinorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan be, gaur egun, euskerea, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluis Vicent Aracil Valentziako soziolinguistearen berbetan, euskerearen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra nabarmengo egiten dau: El euskara subraya la importancia del castellano.
Beharra bizilege
Gizakia gizaki danetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia beteteko, elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko dau gizaki dan artean be. Lana izan da gizakiaren zeregin nagusia historiaren sokan. Horrek beteten eban bizitzearen ia denbora guztia. Gaur egungo gizarte antolaketan be, itzarrik egiten dogun denporearen erdia, askotan gehiago, lanean pasetan dugu.
Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak doguz. Umezaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa guztia lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen deusku gizartean, baita gizarte maila bat be.
Lana da gure gizarte antolaketearen jarduera garrantzitsuena. Gizakiak berezkoa dau lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estadu moderno guztietako legedietan be autortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide moduan. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduerea dau. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu dau. Lanak arrazoian dauka oinarria eta gizakiak hori dau bereizgarri ganerako piztiakandik. Beraz, gizakiak, bere garapen personalerako, ezinbestekoa dau lana edo beharra.
Zelan bihurtuko dogu euskerea euskaldunez osotutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza legez baliorik ez daukan bitartean?