Lauro ikastoleak 50. urte beteko ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 17a, 00:00

Aurten beteko da Lauro ikastolea legeztatu zaneko 50. urteurrena. Orduan Resurreccion Maria Azkue eban izena eta bi hizkuntzatan, euskeraz eta gaztelaniaz, eskolak emoteko legeztatutako lehenengo ikastolea izan zan. Euskaltzaindiaren babesagaz lortu eban.

Datorren astean, hilaren 23an, plaka bat bistaratuko da Bilboko Elkano kalean (han kokatu zalako ikastolea 1966. urtean) eta Akademiako kideak bertan izango dira. Zezeilaren 26an, bestalde, Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egingo dau Lauro ikastolearen egoitzan.

Zezeilaren 23ko ekitaldia 12:00etan izango da eta Lauro ikastolako eta Euskaltzaindiko ordezkariez gan, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskera eta Kultura diputadua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan izango dira. Ikastolea sortu ebenei, edo beren oinordekoei, omenaldia eskainiko deutsee eta oroigarri bana emongo. Ondoren, Elkano kaleko 6. zenbakian, ikastolearen egoitzea izan zan etxean, Julita Berrojalbiz zanaren alabeak bistaratuko dau oroimenezko plakea. Berrojalbiz Lauro Ikastolaren sortzaile eta lehenengo zuzendari pedagogikoa izan zan.

Julita Berrojalbiz ohorezko euskaltzaina zan. Hil ondoren, Xabier Gereño ohorezko euskaltzainak bere omenezko hilbarri txostena idatzi eban. Euskera agerkarian argitaratu zan eta hemen irakur daiteke.

Bestalde, orain dala hamar urte, Euskaltzaindiak eta Ikastoleak batera ospatu eben 40. urteurrena eta Akademiaren egoitzan egin eben Ageriko bilkurea. Orduko informazinoa Euskera agerkarian argitaratu zan. Irakurteko sakatu hemen.


Lauro ikastoleak 50. urte

Mende erdia igaro da. Lauro ikastolearen webgunean gogorazoten danez, Bizkaiko ikastolen mobimentua 1957. urtean hasi zan Bilbon, San Nikolas eleizako ikasgela batzuetan Xabier Peña eta Julita Berrojalbizen bultzadeari esker, hamalau ikaslegaz eta Mª Angeles Garai andereñoagaz.

San Nikolasetik Iralabarriko frantziskotarren egoitzara joan ziran gero umeak eta irakasleak eta, Gobernadore Zibilaren aginduz, hortik be alde egin behar izan eben. 1960. urtean etxe batean hasi ziran eskolak emoten, gero beste batean... 1966. urtera arte: 'Etxerik-etxeko epearen amaierea, legeak halabeharrez ekarri eban: 1965.ean Hezkuntza Legea aldatu zan eta ikasleek Eskolaridade Kartilea behar eben Batxilergora igaro ahal izateko. Orduan erabagi eben Julita Berrojalbizek eta bere taldeak ofizialtasunerantza jo behar ebela.

Ikastolearen webgunean azaltzen danez, 'Tere Rotaetxek, mobimentu honen beste zutoinak, bere Elkano kaleko etxe bat alokatu eutsen eta bertan kokatu zan Resurrección Mª de Azkue Ikastolea 1966an. Hurrengo pausua, instituzinoen babesa lortzea zan eskolea legeztatzeko'. Baina ikastetxea legeztatzeko ezinbestekoa zan lege barruko erakunde baten arauzko titulartasuna eta babesa. Eta Julita Berrojalbizek Euskaltzaindiko idazkaria zan Alfontso Irigoiengana jo eban, babes eske. Ikastoleari babesa emotearen aldeko proposamena 1966ko urtarrilaren 28an onartu eban Euskaltzaindiak. Gero, Irigoienek Bizkaiko Foru Aldundiari ikastolearen aldeko agiria eskatu eutson. Hori lortuta, maiatzaren 25ean idatzi eutson Madrileko Hezkuntza Ministerioko Lehen Hezkuntza Zuzendari Nagusiari ikastolea legeztatzeko arauzko eskabidea: '...en el cual se enseñará, además del idioma oficial, en lengua vasca...'´.

Behin-behineko baimena lortu ondoren, ikastolea lanean hasi zan. Legezko baimena, barriz, ez zan heltzen. Azkenean, Julita Berrojalbiz, Tere Rotaetxe eta Alfontso Irigoien Madrilera joan ziran. Apirilaren 17an, Lehen Hezkuntzako zuzendariak hartu zituen. Honek, behin eta barriro esan eutsen ez zala posible legeztatzea eta esperantzarik barik itzuli ziran Euskal Herrira. Halan da be, bost egun barru, legeztatzearen barri emonaz telegramea heldu zan. Erabagia 1968ko maiatzaren 7an argitaratu zan Espainiako Aldizkari Ofizialean.

Osorik irakurri