Bilboko Udalaren Kultura Sailak antolatuta, ahozko kontaketan oinarritutako adierazpide ugari entzun ahal izango ditue Bilboko 2. barrutiko auzotarrek eta hara hurreratzen diranek. Zezeilaren 22tik martiaren 6ra bitartean, egitarau bete-betea dakar Istorio Biziak programeak: Ipuin-kontalariak, antzerkia, bertsoak, hip-hopa, ikus-entzunezko saioak eta abar. Umeek zein helduek disfrutetako moduko egitaraua atondu dabe.
Guztira, 20 jarduera inguru egongo dira, Castaños eta Zurbaranbarriko udaltegietan eta 2. barrutiko beste leku batzuetan. Bilboko Udalak uriko barruti guztietara proposamen kulturalak eroateko daukan asmoaren emoitzea da Istorio Biziak programearen hirugarren ekitaldi hau. Ahozko tradizinoa da ekimenaren oinarria. Jarduera guztiak dobakoak dira eta, helduen ikuskizunen kasuan, haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Edade guztietako jenteari sorkuntzarako prestakuntzea emon eta astialdirako aukerak sortzea da antolatzaileen asmoa. Horretarako, narrazinoaren eta ahozko tradizinoaren inguruko profesional ugariren laguntzinoa eukiko dabe.
Zezeilaren 22an hasiko da egitaraua, Zurbaran eskolako neska-mutilek sortutako ipuinen kontaketeagaz eta Zurbaranbarriko erretiratuen egoitzan egongo dan kontakizun saioagaz. Hurrengo egunean, 23an, Amonaren kontu zaharrak saioa egongo da Castañosen, bost urtetik gorako umeentzat.
Hilaren 24an, umeentzako ipuinak kontauko ditu Rosa Martinezek Zurbaranbarrin, txotxongilo eta guzti, eta helduentzako narrazino laburrak sortzeko tailerra egongo da Castañosen. Biharamunean, Odeia Arregiren ipuinak, zortzi urtera arteko umeentzat, Epalza ikastetxean, baita berbaldi literario bat be, Zurbaranbarrin.
Institutu Frantsesaren ekimenez, frantsesezko filmak ikusi ahal izango dira hilaren 26an. 27an, igaz arrakasta handia euki eban ekimen bat errepetiduko dabe, Beldurrezko funikularra kontakizun saioa. Alabazan taldearen eskutik, umeentzako sormen gunea antolatuko dabe 29an, Castañosen, Itzalekin kontu-kontari.
Martiaren lehenengo egunean, itzal txinatarren magiak lagundutako ipuinak kontauko ditue Zurbaranbarrin eta Olatz Pagaldayk Erdaldun berrien kluba antzezlana eroango dau Castañosera. Biharamunean, ingelesezko ipuin-kontalaria egongo da eta, hilaren 3an, musikeagaz buztartutako euskerazko ipuinak, Badut taldeagaz.
Martiaren 6an Istorio Biziak programearen amaierako jaia egingo dabe, disziplina ugari alkartuko dituan ikuskizunagaz. Ruben Martinez Santanaren narrazinoak, Oihana Bartraren bertsoek eta Endika Lahaine-Raycoren hip-hopak bat egingo dabe Panera plazan eta Traukoko oinezkoen eremuan. Ganera, ez da ahaztu behar, zezeilaren 28an eta martiaren 6an, Ipuin-pintxo lehiaketea antolatu dabela auzoko merkatariek.
Zezeileko programazinoa, hemen.
Martiko programazinoa, hemen.