Erromeria giroa albo batera itxi barik, diskoa atara dau Garilak 26-k

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 18a, 00:00

Jaigune eta ospakizunetan joteko jaio zan Garilak 26 eta, izakera horri uko egiten ez deutsien arren, estudioko diskoa atarateko pausua egin dabe, Baga Biga zigiluagaz. Eurek sortutako abestiez hornidutako lan horri Adrenalinaren zain izenburua emon deutsie. Rock doinuak erromeria giroagaz buztartu ditue eta kolaboratzaile ugariren laguntzinoa euki dabe.

Gure habitata jai giroa da, txosnetan jotera ohituta gagoz, dino Iker Alvarez Garilak 26ko gitarra-joleak. Izakera hori diskora eroan dabela ganeratu dau. Parranda giroa, aldarrikapena, ondo pasetea... jaietan ohikoak diran gaiak dagoz diskoan. Erromerietan jotea eta euren kantakaz osotutako diskoa ataratea bateragarriak dirala uste dabe Garilak 26ko sei kideek.

2011n sortu zan taldea eta, orain arte, beste talde batzuen kanten bersinoak abestu izan ditu. Horregaitik, norabide aldaketea be bada Adrenalinaren zain lana. Geurea dan zeozer egiteko gogoa euki dogu, azaldu dau Alvarezek, besteen abestiak joten ondo konpontzen gara eta orain geuk egindakoek be balio dabela erakutsi nahi dogu.

Rock doinuak dira diskoko zazpi abestietako oinarria, erromeria ikutua albo batera itxi barik. Sei abesti diskorako beren beregi sortutakoak dira eta zazpigarrena, Mende laurden, Eguzkizaleak konparsearen 25. urteurrenerako egin eben, orain dala pare bat urte. Zuzeneko emonaldietako bizitasuna gordeten ahalegindu dira Adrenalinaren zainen. Gure zuzenekoak dinamikoak izaten dira, indartsuak, eta diskoa bide horretatik doa azaldu dau Eneko Benito alboka-joleak.

Kolaboratzaileen parte-hartzeak diskoa aberastu egin dauela dinoe Garilak 26koek. Esate baterako, Esne Beltzako Xabi Solanok Txoko iluna singlean kolaborau dau. Pello Reparaz (Vendetta), Maria Rivero (Siroka), Urtzi Iza (Enkore) eta abarren laguntzinoa euki dabe. Asko ikasi dogu euren alboan, adierazo dau Benitok.

2011n alkarregaz joten hasi ziranetik, 150 kontzertu baino gehiagotan parte hartu dabe eta alkarren lagun handiak dirala azpimarratu dabe. Gure sekretua da, lagunak garela, prestakuntza guztiak alkarregaz egiten doguz, dino Iker Alvarezek. Orain arteko moduan, jai eta erromerietan joten segiduteko asmoa daukie Garilak 26koek. Diskoa aurkezteko kontzertu berezia emongo dabe martiaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian.

Osorik irakurri