Warren Richardson argazkilari australiarrak Serbia eta Hungaria bereizten dituan hesian ataratako irudiak irabazi dau 2015eko World Press Photo argazkilaritza sari entzutetsua. Bizimodu barria itxaropen zuri-baltzezko argazkiak modu gordinean erakusten dau Europara ihesean datozan errefuxiatuen eguneroko latza. Ganerako kategorietan, Daniel Garcia de Olza nafarrak sari bi eskuratu ditu, Jentea ataleko bigarrena eta hirugarrena hain zuzen.
World Press Photo sariek urteko argazkirik onenak saritzen ditue, hainbat ataletan. Gaurkotasunagaz, kirolagaz, natureagaz zein eguneroko bizimoduagaz lotutako argazki ikusgarriak izaten dira irabazleak. Argazkilarien pasinoaren eta ahaleginaren erakusgarri be badira. Esate baterako, Richardson aurtengo irabazlea, Hungariako poliziak jo eban errefuxiatuen egoeraz irudiak batzen egoala eta atxilotuta be egon zan.
Bizimodu barria itxaropen izenburua emon deutso World Press Photo 2015eko sari nagusia eskuratu dauen irudiari. Hungaria eta Serbia banatzen dituan hesian atara eban argazkia Richardsonek, abuztuaren 28ko gauean. Gizon bi agiri dira, hesiaren azpiko tarte estutik umetxu bat Serbiako aldetik Hungariara pasetako ahaleginean.
Warren Richardson Australian jaio zan 1968an eta argazkilari freelance eta autodidaktea da. Emaztea hungariarra dau eta, hain zuzen, Ekialdeko Europan egiten dau lanik gehiena. Udan, Europara heldutako errefuxiatuen egoerea hurretik ezagutu eban eta argazki ugari egin zituan, tartean World Press Photo irabazi dauena.
Sari nagusiaz gan, beste sari batzuk be emon ditue, hainbat kategoriatan. Jentea atalean, Daniel Otxoa de Olza nafarrak bigarren eta hirugarren sariak irabazi ditu. Bigarren saria Madrilgo Colmenar Viejo herriko ospakizun baten ataratako irudi koloretsu bategaz irabazi dau. Hirugarren saridun argazkia, Parisen atara eban, zemendiaren 13ko atentaduen ostean.