Eguraldi oneko tarte bat aprobetxauta, Nanga Parbateko tontorrerako bidea hartu dau Alex Txikonek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 22a, 00:00

Ia-ia ezustean, horrenbeste itxarondako eguraldi egonkorreko tartea heldu da Nanga Parbat ingurura. Hortaz, astirik galdu barik, tontorrera bidean jarri dira Alex Txikon eta bere hiru taldekideak, Ali Sadpara, Tamara Lunger eta Simone Moro. Gaur goizaldean abiatu dira (Pakistanen 5:30ak zirala) eta asmoa da Bigarren Kanpalekura arin heltzea, ondoren tontorrera igoteko ahalegina egiteko.

Eguna argitu barik, ilunpetan, hasi dabe igoerea lau mendizaleek. Ez dago denporarik galtzeko, Nanga Parbaten eguraldia oso aldakorra dalako. Halandabe, hile biko egonaldiaren ostean, badirudi eguraldi oneko tarte hau nahikoa izan leitekela tontorrera igoteko behin betiko ahalegina egiteko. Txikon, Sadpara, Lunger eta Moro zuzenean doaz Bigarren Kanpalekura bidean (6.100 m), Lehenengoan geratu barik.

Lau mendizaleak hilaren 17tik egon dira Beheko Kanpalekuan. Izan be, joan diran asteok oso txarrak izan dira egiraldiari jagokonez eta Bigarren Kanpalekutik pasau ezinda egon dira. Asteburuan edurte galanta bota eban, baina edur gehiago pilatu zan beheko aldean goialdean baino eta, beraz, mendizaleek zabaldutako bidea egoera onean dago.

Oraingo honetan, badirudi eguraldiak aukeratxu bat emon leikela. Aurreko aldietan, eguraldi oneko tarteek iragarritakoa baino gitxiago iraun dabe, edo haizeteek ez deutsie mendizaleei aurrera egiten itxi. Oraingoan, tartea luzeagoa eta egonkorragoa izatea aurrikusi dabe eta horrek tontorreraino heltzeko astia emongo deutse. Halandabe, Nanga Parbateko eguraldia oso aldakorra danez, ezin da jakin ziurtasunez.

Beste alde batetik, mendizaleen sasoiak be eragina eukiko dau tontorrerako ahaleginean. Bigarren Kanpalekura heldu ezkero, beste 2.000 metroko desnibela gainditu beharko dabe tontorreraino. Kontuan izan behar da, Txikonek eta taldekideek hile bi daroezela Nanga Parbaten, eta horrek desgaste handia eragiten dau. Bestetik, joan diran asteotan ezin izan dabe oso gora heldu (asko jota Bigarren Kanpalekura) eta egun askoan Beheko Kanpalekuan egon behar izan dabe eguralditik babestuta. Hortaz, altueran ibilteko egoki girotuta dagozan ikusi beharko da.

Alex Txikonek, sare sozialen bidez, aitatu dau honako hau izan leitekela behin betiko aukerea. Tontorrera heltzeko aukerea ikusten dau, dana ondo badoa eta gorputzek egoki erantzuten badabe. Gogoan izan behar da, Nanga Parbat inork ez dauela igon neguan.

Osorik irakurri