Bizkaiko Foru Liburutegian urteko lehenengo erakusketea zabaldu dabe, Oihal artean. Hamar euskal diseinatzaile gazteren jantziei ataratako argazkiek eta antxinako euskal janzkeren inguruko dokumentazinoak osotuten dabe erakusketea. Marta Perez Elosua arduratu da argazkiak egiteaz, diseinatzaile bakotxaren jaioterrian irudi ikusgarriak atarata.
Zezeilaren 22an inaugurazino ekitaldia egin (desfile eta guzti) eta biharamunean, martitzenean, zabalduko jako publikoari erakusketea. Apirilaren 15era arte, formatu handiko 20 argazkiko bildumaz disfrutau ahal izango da Bilbon, Foru Liburutegiko bigarren solairuan.
Jon Mikeo, Eder Aurre, Paul Txertudi Antxia, Nerea Sanchez, Peio Duran, Maria Blanco, Miriam Ruiz Briz, Janire Olano eta Maria Garcia Ezquerro dira erakusketako diseinuen egileak. Danak gazteak izan arren, modearen munduan lekua egitea lortu dabe.
Hamar diseinatzaileen jantziak dira, beraz, Marta Perez Elosuaren argazkien oinarria. Argazki bi atara deutsoz diseinatzaile bakotxaren sorkuntza-lanari. Protagonista bakotxaren herrira joan eta hango leku ikusgarrietan atara ditu argazkiak Perez Elosuak: Gernikako Europa parkean, Bermeoko portuan, Omako basoan, Bizkaiko zubian, Astitzeko Mendukilo kobazuloetan, Arabako Errioxako upategietan, Bilboko Plaza Barrian eta abar.
Argazki koloretsuakaz batera, antxina Euskal Herrian jentea zelan jazten zan ikusteko agiriak ipini ditue aretoan. 16. mendetik 19. mendera arteko jantzien irudiak (batez be Bizkaikoak), liburuak eta abar dira. Holan, tradizinozko euskal jantziek eta modearen gaur eguneko jokerek bat egiten dabe.
Marta Perez Elosua argazkilari eta erakusketearen komisarioak euki eban erakusketea egiteko idea, orain dala urtebete inguru. Azpimarratu dauenez, talentu handia dago diseinatzaile barrien artean. Berak hamar aukeratu dituan arren, dino Euskal Herrian badagozala gehiago. Horreen guztien lana erakustea da Oihal arteanen helburua. Perez Elosua Portugaleten jaio zan, 1975ean. Argazkilaritzea ikasi eta mundu zabalean ibili da, era askotako kulturak eta emozinoak kamareagaz batzen.